13/10/2008
Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren
13a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak Santa
Zezilia, musikarien zaindariaren eguna ospatzeko kontzertuak antolatuko
ditu arkupean. Kontzertuan eta irekita programan azaroan zazpi
musika-ikuskizun berriz gozatu ahalko dugu eta kontzerturik
aipagarrienak Bóreas Cámara, Gasteizko Talde Gregorianista eta Concejo
Abiertorenak dira, besteak beste. Guztiak izango dira dohainik
gonbidapenarekin.
Uztailean martxan jarri zenetik ’Kontzertuan eta irekita’ programak
entzuleriaren erantzun bikaina lortu du, bai Fundatzaileen Elkarteko
bazkideengandik, bai gainontzeko hiritarrengandik ere. Horrez gain,
duela gutxi zaharberritu den arkupea kultura programaziorako inguru
gisa finkatu da. Hori dela eta, azaroa berezia izango da, izan ere,
22an musikarien zaindaria den Santa Zeziliaren eguna ikuskizun
bereziekin ospatuko da.
Baina hilabeteko programazioa Gasteizko Talde
Gregorianistarekin hasiko dugu. Talde hau duela 50 urte baino gehiago
sortu zen eta Arabako hiriburuko seminarioa eta Montserrateko
beneditarrak izan ziren koru honen sortzaileak. Antxon Leteren
zuzendaritzapean, Katedraleko Kartularioan azaltzen den Hildakoen Meza
interpretatuko dute, eta aipatzekoa 1740koa dela. Hori azaroaren 1ean,
larunbata, izango da, arratsaldeko 20:00etan.
Astebete geroago, azaroaren 8an, Estíbaliz Oraá eta Susana García de
Salazar biolontxelo eta piano bikotearen txanda izango da. Musikari
gasteiztar bi hauek beren errepertorioarekin Europan biolontxelo
musikak izan duen bilakaera erakutsi nahi digute, hau da, Robert
Schumanen erromantizismo alemaniarretik, Debussyren inpresionismo
frantseseraino iritsiko dira. Eta euskal musikatik ere igaroko dira
Carmelo Bernaola, Guelbenzu, Usandizaga eta Donostiaren lanekin.
Arratsaldeko zortzietan hasiko da.
Baina, zalantzarik gabe, hilabeteko
ikuskizunik garrantzitsuena musikarien zaindaria den Santa Zeziliaren
eguna ospatzeko antolatutakoa izango da. Asteburu horretarako programa
zabala antolatu da. Azaroaren 21ean, ostirala, hasiko da arratsaldeko
20:00etan Bóreas Cámararen kontzertuarekin. Talde honek Gasteizko
tenpluan grabatu duen lan berria aurkeztuko digu. 22an, larunbata, ere
eguerdiko 12:00etatik aurrera Pack of new Cotillons lanaz gozatzeko
aukera egongo da.
Egun horretan bertan, arratsaldean (20:00etan) Juan Carlos Pérez izango
dugu Santa Mariako arkupeko antzezlekuan. Itoiz talde mitikoaren buru
eta sortzaile izan zenak bere taldearekin batera Hiriko Istorioak – JC
Pérez live lana aurkeztuko digu. Proiektu honetan bere lehenagoko hiru
lanak berrikusiko ditu.
Astebete geroago, azaroaren 28an, ostirala, arratsaldeko 20:00etatik
aurrera Concejo Abierto taldearen kontzertua izango dugu ikusgai.
Antzinako musika jotzen duen talde honen errepertorioa barrokoko lanek
osatzen dute (XVI. mendearen bukaeratik XVIII. mendearen hasierara
arte) eta beti jo nahi izan du historia jatorrizko instrumentuekin.
Taldeko kideak Ander Berrojalbiz (biolina), Maider López (biola) eta
Virginia Gonzalo (klabea eta organoa) dira, baina kontzertu honetan
beste lau musikarirekin batera arituko dira: Cristina Bayón (sopranoa),
Soma Salat-Zakariás (zango-biola), Thor-Harald Johsen (tiorba) eta
Roger Junyent i Balsach (biolin barrokoa).
Les
Saqueboutiers de Toulouse taldeak azaroaren 29an hilabeteko azken
kontzertua eskainiko digu. Adituek eta entzuleriak XVII. mendeko
musikako interpretazioan erreferentzia gisa baloratzen dituzte. Talde
hau metalezko instrumentu zaharrez osatuta dago eta horien artean
aipagarriena korneta eta tronboi nukleo bat da, eta beharrezkoa denean,
biolin, biola, bajoi eta txirimiaz inguratzen dira. Kontzertu hau ere
arratsaldeko 20:00etan hasiko da.
Kontzertu guztiak arkupean egingo dira eta beharrezkoa izango da
gonbidapena izatea. Nahi dutenek Katedraleko Bisitarientzako Harrera
Zentroan jaso ditzakete kontzertu bakoitzaren aurreko asteazkenean.