31/10/2008
Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 31.-
Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendari gerentea den Juan Ignacio
Lasagabasterrek bihar Valladoliden Gasteizko tenpluko kudeaketa eredua
aurkeztuko du. Ondareari buruzko kongresu horretan emango duen
hitzaldian, eraikin baten arkitektura zaharberritzeaz gain, eraikin
horrek antzina zeuzkan ezaugarri sinbolikoak balio berri erantsiekin
berreskuratzea ahalbidetu duen lana azalduko du.
Lasagabaster Oroimena berreskuratzeko Nazioarteko Kongresuaren
seigarren edizioan parte hartzera gonbidatu dute, eta bertan, Santa
Maria Katedralaren eredua ezagutzera emango du. Bere esku-hartzean,
gaixorik dagoen tenplua zaharberritzeko prozesu osoaren berri emateaz
gain, herritar gehienek ahaztuta zeukaten eraikin bat hiriaren bizitzan
parte hartzea eta erreferente turistiko bilakatzea lortzeko eman diren
pauso guztiak azalduko ditu.
Zentzu horretan, erakundeetako erantzuleek uneoro erakutsi duten
sentsibilitatea azalduko du, izan ere, horri esker, Patronatuaren
bitartez, proiektuak aurrera egitea lortu da, eta horrez gain,
Katedralaren Fundatzaileen Elkarteari esker herritarrek izandako
parte-hartzearen berri ere emango du.
AR&PA 2008 Artearen eta Ondarearen
Zaharberritzeari buruzko Azokaren esparruan, ´Oroimena berreskuratzeko´
Nazioarteko Kongresuaren seigarren edizioan, aurtengoan, alegia,
ondarearen kudeaketaren auzia jorratuko da. Horretarako, Espainiako eta
atzerriko adibide garrantzitsuak hautatu dira, hau da, beren
kudeaketagatik, mantendu eta zaintzeko zailak izateagatik edo gizartean
eragin handia izan duten benetako kultura proiektuak sortzeko gai izan
direlako, eta objektuaren balorea haren erabileraren gainetik jarri
izanagatik, perspektiba eta ikuspuntu desberdinetatik eredugarriak
diren adibideak aukeratu dira. Halaber, metodologia berriak, bai
kudeaketari, bai kultura elementu eta materialen zaharberritzeari
dagokienez, planteamendu iraunkor eta ekologikoetara egokitzen saiatzen
direla azaldu nahi da.
Kongresua Valladoliden egingo da gaur eta igandean, bertan, ondare
ondasunen kudeaketa eta kontserbazioaren alorreko nazioarteko aditurik
garrantzitsuenek parte hartuko dute. Esku-hartzerik aipagarrienak
ondorengo hauek dira, besteak beste: Manuel Guido, UNESCOko Munduko
Ondarearen Zerrendaren Bulegoko arduraduna, Antonio Jiménez,
Albarracingo Santa Maria Fundazioko gerentea, Erroma Zaharberritzeko
Erakunde Zentraleko zuzendaria, María del Mar Villafranca, Granadako
Alhambrako Patronatuko presidentea, eta Bernard Pouverel, UNESCOko
Munduko Ondarearen Web Orrialde Ofizialaren zuzendaria.
Hainbat gai eztabaidatuko dira, hala nola, Santa Maria Katedrala,
Venezia hiri historikoaren kontserbazio eta kudeaketa iraunkorra,
Granadako Alhambra, Leongo katedrala, Peruko Huaca de la Lunako
arkeologia proiektua, Frantziako Pont du Gard eta Venetoko (Italia)
etxeak.