Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

18/11/2008

Bóreas Cámara taldea eta Juan Carlos Pérez izango dira Santa Zezilia egunean Santa Maria Katedralean egingo diren kontzertuen protagonistak

Bóreas Cámara taldeak bere disko berria aurkeztuko du datorren ostiralean, arratsaldeko 20:00etan, eta larunbatean, eguerdiko 12:00etan. J.C. Pérez, aldiz, larunbatean arratsaldeko 20:00etan igoko da antzeztokira.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 18a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak hiru kontzertu antolatu ditu arkupean datorren asteburuan Santa Zezilia eguna, hots, musikarien zaindariaren eguna ospatzeko. Ostiralean arratsaldeko 20:00etatik aurrera Bóreas Cámara taldeak bere azken lana, Pack of new Cotillons izenburukoa aurkeztuko digu, baita larunbat eguerdian ere. Juan Carlos Pérez, aldiz, larunbat arratsaldean izango dugu antzeztokian eta bere azken hiru lanen errepasoa egingo du.
Uztailetik lortutako emaitza bikainen ondoren, ´Kontzertuan eta irekita` ekimenean hiru ikuskizun bereziko asteburu bikaina prestatu da. Santa Zezilia eguna dela eta, Santa Maria Katedrala Fundazioak prestatu dituen hiru ikuskizunek entzule ugari erakarriko dituzte Gasteizko tenpluko arkupera.
‘Kontzertuan eta irekita” azaroaren 21ean, ostirala, hasiko da arratsaldeko 20:00etan Bóreas Cámararen kontzertuarekin. Talde honek joan zen udan Gasteizko tenpluan bertan grabatu zuen lan berria aurkeztuko digu. Karta-sorta batetik sortu zen Pack of new Cotillons lanean XVIII. mendearen bukaerako herri-kantutxo batzuk bildu dituzte.
Lan hau Fournier Museoko biltegian jaio zen, bertan baitzegoen ezohiko karta-sorta hura: karta bakoitzean dantzatxo baten musika zegoen idatzita. Longman and Lukey’s Complete Pack of New Cotillons karta-sorta bi soilik geratzen dira munduan. Hasiera-hasieratik, Gasteizko Udal Bandan jaiotako Bóreas Cámara taldea liluratuta geratu zen karta haien soinu giroagatik, hori dela eta, ez zitzaien asko kostatu kartei musika aurkitzea. Instrumentazioa garatzeko, Josean San Miguel musikologoaren laguntza izan dute. Disko honetan XVIII. mendearen bukaeran modan zegoen dantza musika bildu da eta esparru zabal samarra besarkatzen du, hots, Erdi Arotik Klasizismora arte, Errenazimendua eta Barrokoa barne. Herri-kantutxoak dira, eta gehienak ongi pasatzeko konposatu ziren.
Ikuskizuna larunbatean eguerdiko 12:00etan errepikatuko dute arkupean.
Eta arratsaldean Juan Carlos Pérez, Itoiz talde mitikoaren burua, izango dugu ikusgai. Pérez Atlantic Riverrera garamatzan talde batekin itzuli da. Hasierako hirukoari haize-instrumentuzko sekzio bat erantsi dio eta Santa Maria Katedralean bere errepertoriorik landuenena eskainiko digu beretzat oso erosoa den formatuan. Hiriko istorioak ikuskizunean bere azken hiru lanen errepasoa egingo du eta errepertorio berri honetara hoberen egokitzen diren lanak joko ditu.
Hiru kontzertuak doakoak izango dira, baina arkupean entzule kopuru jakin bat soilik sartzen denez, beharrezkoa izango da gonbidapenak bihartik aurrera (asteazkena) Santa Maria Katedraleko Bisitarientzako Harrera Zentroan (Buruileria Plazan) jasotzea. Gehienez bi gonbidapen entregatuko dira pertsona bakoitzeko.