17/12/2008
Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren
17an.- Santa Maria Katedrala Fundazioak datorren
larunbatean tenpluko sakristia nagusia publikoarentzako zabalduko du.
Espazio hori arestian zaharberritua izan da eta jatorrizko itxura
kromatiko barrokoa ikusi ahalko da. Bisitak urtarrilaren 5era arte
egingo dira eta dohainik izango dira, baina beharrezkoa izango da aldez
aurretik hitzordua zehaztea. Horrez gain, duela gutxi zaharberritua
izan den jaiotza neoklasiko bat ikusteko aukera ere egongo da.
Ia urtebetez lan egin ondoren, Santa Maria
Katedraleko sakristiak bere itxura barrokoa berreskuratu du. Eremu hori
sakonean zaharberritu da dauden pintura geruzen pilaketa eta zaintza
arazoak konpontzeko eta orain, hasieran zuen itxura kromatikoaren
antzera utzi da.
Eremu hau Gabonetan irekiko denez, zaharberritua izan den jaiotza bat
ere ikusgai egongo da. Estilo neoklasikoko eta Napoliko eragina duen
jaiotza hori Ama Birjinak Umearekin, San Josefek, hiru artzainek eta
hiru animaliak osatzen dute. San Esteban de Agredaren lan bat da,
1780koa. Irudi multzo honen formak eutsiak eta depuratuak diren arren,
tradizio barrokoaren garrantziari lotutako kontserbadorismoaz beteta
dago.
Bisita gidatuak abenduaren 20tik urtarrilaren 5era egingo dira.
Dohainik izango dira; hala ere, beharrezkoa izango da erreserba egitea
Santa Maria Katedraleko Bisitarientzako Harrera Zentroan (Buruileria
Plazan) edo ondorengo telefono zenbakian: 945 255 135.
Katedralaren Sakristia nagusia
XVI. mendeko lehenagoko beste eraikin baten erreferentziak
dauden arren, Santa Maria katedraleko sakristia nagusia nagusiki 1734a
eta 1736a bitartean eraiki zen, artean, kolegio-eliza zenean. Angelu
alakatuak dituen laukizuzen formako oinplanoa dauka eta laranja erdiko
ganga eliptiko batek estaltzen du. Sakristia jaun kalonjeen
zerbitzurako erabili zen. Espazio hau eraikitzeko katedralaren
burualdeko hormaren zati bat apurtu zen.
Egindako ikerketen arabera, zazpi aldiz margotua izan da, baina
lehenengoa izan zen interesgarriena eta kalitate gehien izan zuena.
Gangaren barruko aldea eta hormak zaharberritzean, sakonean garbitzeaz
gain, erliebeak eta ezkutua berreskuratzen eta barrokoko itxura
kromatikora hurbiltzen saiatu dira.
Sakristiaren barruko aldean lau tiradera-altzari handi daude,
bakoitza bere bizkarraldearekin, eta erdian mahai handi bat dago.
Elementu horiek apaingarriak, liturgiako edergaiak eta gurtzarako
edalontzi sakratuak gordetzeko egin ziren. Horrez gain, egungo
tiradera-altzariak eraikitzeko teknikak XIX. mendekoak direla egiaztatu
da, eta ondorioz, XVIII. mendeko beste altzari baten ordez erabiltzeko
zirela pentsa daiteke. Bizkarraldeak lehenago landu ziren, 1734an, eta
sakristiako jatorrizko altzari barrokokoak dira.
Sakristiako altzariak zaharberritu dituzte eta orain, bizkarraldeen
jatorrizko polikromiaz goza dezakegu. Araban apainketa ildo honetako
lanik goiztiar eta ausartena da. Zutabe eta hondoetako fusteak
estaltzen dituzten zilar eta urre koloreko marrazkiak eta horiekin
nahastuta ikusten den urdina dira eszena txinatar multzoaren
protagonistak.
Bizkarraldeak zutabeen artean kokatutako pintura multzo batek osatzen
ditu eta bertan apostoluak irudikatzen dira: San Bartolome, San Filipe,
Jakue Nagusia, Santo Tomas, San Paulo, San Mateo, San Joan, San Simon,
San Petri, San Petri Txikia eta San Andres. Lau bizkarraldeek erdian
dauzkaten kutxetan irudi batzuk ere ikusten dira: San Antonio Paduakoa,
San Bizente Ferrer, pintatutako Gurutziltzatu bat eta San Joan
Nepomuzeno.
Aipagarriak dira ere Elizaren aita eta doktoreen irudiak dauzkaten
zortzi medailoiak. Horrez gain, seguruenik XVIII. mendearen erdialdekoa
den erloju ingeles bat ere gorde da.