12/01/2009
Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 12a.- Santa
Maria Katedrala Fundazioak datorren ostegunean, hilak 15, ‘Katedralaren
Inguruko Topaketak’ programaren edizio berriari ekingo dio. Hitzaldi
ziklo honi esker, azken urteotan Gasteizen goi-mailako idazleak izan
ditugu eta aurtengoan, hitzaldiak eleberri historikoari buruzkoak
izango dira. Programari hasiera emango dion hitzaldia literatura
sefardian aditua den Salvador Santa Pucheren esku izango da.
‘Katedralaren Inguruko Topaketak’ programako ekitaldiak azken urteotan
goieneko unean dagoen eleberri historikoan kontzentratuko dira. Datozen
hilabeteetan Arabako hiriburuko Villa Suso Jauregia izango da
literaturazaleen eta idazle espezializatu talde baten topalekua.
Aipatzekoak dira Salvador Santa Puche, José Calvo Poyato eta Carmen y
Valle Vaqueroren hitzaldiak, besteak beste. 19:45ak arte Santa Maria
Katedraleko Fundatzaileen Elkarteko kideek sartzeko lehentasuna izango
duten arren, hitzaldi guztietako sarrera librea izango da toki guztiak
bete arte.
Literatura sefardian eta holokaustoak esparru judeoespainolean izan
zuen eraginean aditua den Salvador Santa Puche izango da lehenengo
hitzorduaren protagonista. Filosofia eta Letretan
Lizentziaduna, Filosofia Hispanikoan doktorea eta hizkuntza eta
literatura sefardian aditua da. Judu sefardien hizkuntza eta
literaturari buruzko liburu ugari argitaratu ditu, baita holokaustoak
eremu judeoespainolean izan zuen eraginari buruz ere. Espainiako Gerra
Zibilaren eta demokraziarako trantsizioaren inguruko liburu bi idatzi
ditu. Halaber, zientzia eta unibertsitate aldizkarietarako 50
artikulutik gora idatzi ditu eta Espainia, Israel, Estonia, Austria eta
Estatu Batuetako hainbat unibertsitateko irakasle bisitari gisa jardun
du.
Gaur egun ‘Emakumeak Holokaustoan’ izeneko film dokumental bat
prestatzen ari da Granadako Unibertsitateko I+Geko proiektu baten
barruan eta zentro horretako ikertzailea da. ‘Katedralaren Inguruko
Topaketak’ zikloan izango duen parte-hartzean, Santa Puchek ‘Artisau
juduek Espainiako katedraletan egindako ekarpena’ izenburuko hitzaldia
emango du. Hitzaldia Toti Martínez de Lezea idazleak aurkeztuko du.
Urtarrila eta otsailerako aurrez ikusitako
egutegia honako hau da:
Urtarrila
- 15ean: Salvador Santa Puche, ‘Artisau
juduek Espainiako katedraletan egindako ekarpena’ izenburuko hitzaldia
emango du
- 22an: Carmen y Valle Vaquero -
‘Garcilaso: bere presentzia euskal lurraldean’
Otsaila
- 19an: José Calvo Poyato - ‘Eleberri
historikoa: jatorria eta bilakaera’
- 26an: José Luis Urrutia - ‘Personaia
anonimoak: historiaren benetako protagonistak’
Hitzaldi guztiak Gasteizko Udalak lagatako Villa Suso Jauregian egingo
dira arratsaldeko 20:00etan. Sarrera librea izango da toki guztiak bete
arte, baina Santa Maria Katedraleko Fundatzaileen Elkarteko kideek
lehentasuna izango dute 19:45ak arte.