26/01/2009
Vitoria-Gasteiz, 2009ko
urtarrilaren 26a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak gaur
‘Izpi soa’ liburua aurkeztu du. Xabi Otero argazkilariaren
lan honetan azken zortzi urteotan Gasteizko tenplua zaharberritzeko
lanekin nolabait lotuta egon diren ehun pertsona ingururen argazkiak
bildu dira.
Xabi Otero argazkilari nafarra azken bi urteotan Gasteizko Katedral
Zaharraren bihotzetik ibili da eta bertan, harri, aldamio eta
bisitarien artean, tenplua zaharberritzen nolabait lagundu duten ehun
pertsona ingururen argazkiak atera ditu. Arkeologoak,
harginak, arkitektoak, gidariak, langileak eta Fundazioaren beraren
langileak jarri dira kameraren aurrean, beren lantokietan, gaixorik
zegoen eraikin hau hiriaren ikur bihurtzea ahalbidetu duen proiektu
handiaren eguneroko jarduna erakusteko.
Gutxi gorabehera 200 argazki bildu dira gaztelaniaz, euskaraz,
ingelesez eta frantsesez idatzitako testutxoekin, eta Arabako gizarte
osoa tartean sartu duen proiektu honen gaineko ikuspegi berri bat
ematen digu. Omenalditxo bat da, bertako lanaren lagintxo bat.
Ezinezkoa da langile guztien argazkiak biltzea, izan ere, azken
urteotan ehunka langile eta espezialista egon dira katedralean lan eta
ahalegin pertsonal handia egiten.
Argazkilariaren ustez, bere lanak “eraikina zaharberritzeko prozesuaren
aldi labur bat islatzen du, lan horretako edozein fasetan parte hartzen
ari diren pertsonei eskainitako omenaldi bat da, haien aurpegiak
erakusten ditu eta lanaren egileak direla aldarrikatzen du. Beraiek
dira gizartearen ezagutza garatzea eragiten duen lana gauzatzen
dutenak. Guztiak dira garrantzitsuak eta horrez gain, denek osatzen
dituzte katedral zaharra mantentzen duten zutabeak”.
Liburu hau Gasteizko Santa Maria Katedralaren zaharberritze prozesuko
uneren batean bertan argazkiak egin dituzten beste argazkilari ospetsu
batzuen liburuei gehitu zaie. Izan ere, lehendik ere bagenituen Vari
Caramés (‘En la catedral), José Manuel Navia (‘Desde la catedral’) eta
Alberto Schommer-en (‘Un cuerpo vivo’) lanak. ‘La mirada de luz’
liburuaren 3.000 ale argitaratuko dira. Liburu-dendetan eskuratzeko
aukera egoteaz gain, Katedralaren harreran ere erosi ahalko da 50
eurotan.
Argazkilari,
ilustratzaile eta diseinatzaile grafiko autodidakta
Xabi Ortero Iruñean jaio zen 1953an. Argazkilari autodidakta,
ilustratzailea eta diseinatzaile grafikoa da eta oso gaztea zenetik
izan zuen sormen gaitasun handia. 1970an Madrilen bere lanak
argitaratzen hasi zen, bost urte geroago Afrikara joan zen eta
azkenean, bidaia hark 5 hilabete iraun zuen eta bertan erabaki zuen
behin betiko irudiaren munduan lan egin nahi zuela.
20 argazki-liburu egin ditu eta honako hauek dira aipagarrienak: ‘Oihan
bat murgildurik’, bere lehenengo liburua 1984koa, ‘Labrador de los
vascos en Canada’ 1990ekoa, ‘Basque’ 2000. urtekoa eta ‘Sahara’
bidaia-liburua. Beste 77 liburukitan ere parte hartu du eta horrez
gain, aldizkari, liburuxka, disko-azal, bideo, ikus-entzunezko
material, egutegi, kartel, posta-txartel eta orotariko euskarri
grafikoetarako argazki-erreportaje anitz egin ditu. Une honetan, laster
argitaratuko diren hiru argazki-liburu ari da prestatzen.