Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

18/02/2009

José Calvo Poyato idazleak ‘Katedralaren Inguruko Topaketak’ zikloan hitzaldi bat emango du

2009/02/18 Hitzaldia bihar, osteguna, arratsaldeko 20:00etan izango da Villa Suso Jauregian eta sarrera librea egongo da.

                Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 18a.- Bihar José Calvo Poyato idazlea izango dugu Santa María Katedrala Fundazioan. “Katedralaren inguruko Topaketak” zikloaren barruan, Kordobako idazleak eleberri historikoaren jatorri eta bilakaerari buruz hitz egingo du. Hitzaldia 20:00etan hasiko da, Villa Suso Jauregian izango da eta sarrera librea egongo da.

Mundu sefardiari buruzko jakitun Salvador Santa Puchek, Carcilaso de la Vegari buruzko aditu Carmenek eta Valle Vaquerok, eta Aragoiko idazle Ángeles de Irisarrik Arabako hiriburutik igaro ondoren, eleberri historikoaren zaleek José Calvo Poyatoren hitzaldia dute aste honetan. Idazle ospetsu honek berrogei liburu baino gehiago argitaratu ditu. “Eleberri historikoa: jatorria eta bilakaera" izenburuko hitzaldia aurkeztuko du.

Kordoban 1951. urtean jaio zen José Calvo Poyato. Historiako Doktoretza egin zuen Granadako Unibertsitatean, eta ia berrogei liburu idazteaz gain, aldizkari ospetsu batzuetan ehun artikulu baino gehiago argitaratu ditu, batez ere XVII. eta XVIII. mende arteko monarkia hispanikoaren iragaiteari buruz.

"La villa de Cabra en la crisis del siglo XVII" lanarekin, ondoren bere lehen liburua izango zenarekin, Juan Valera saria irabazi zuen 1978an. Aditua da Espainiako azken Austriarraren, Karlos II.a Sorginduaren, erreinuan. Zenbait saio idatzi ditu bi aldi horiei buruz, adibidez “De los austrias a los borbones”, 1990. urtean argitaratua, "Carlos II el hechizado y su época", 1991. urtekoa, edo "Felipe V, el primer Borbón", 1992. urtean argitaratua.

Calvo Poyatok esan du lehen eleberria ongi pasatzeko idatzi zuela. “El hechizado del rey” izenburua jarri zion eta 1995. urtean argitaratu zuten, baina ez zuen inoiz susmatu argitaratze-arrakasta bihurtuko zela. 1999. urtean “Conjura en Madrid” agertu zen, eta urtebete ondoren “La Biblia Negra”; horri esker eleberrigile ospetsu bihurtu zen eta 200.000 ale baino gehiago saldu zituen. Qué leer aldizkari ospetsuak berak adierazi du Espainiako eleberri historikoaren zazpi idazle bikainetako bat dela.

2005ean "El manuscrito de Calderón” argitaratu zuen; horixe izan zen Pedro Capablancaren trilogiaren lehen liburua. Bigarren titulua “El ritual de las doncesallas" izan zen, urtebete ondoren agertutakoa. Urte berean Ciudad de Torrevieja sariko finalista izan zen “La orden Negra” eleberriarekin. Eleberri horrek arrakasta handia izan zuen kritikarentzat zein publikorentzat. Arrakasta handia lortu du eta edizio ugari egin dira “La dama del Dragón” eta “Vientos de intriga” liburuekin.

Bere eleberriak zenbait hizkuntzatara itzuli dira, eta edizioak ditugu alemanean, italieran, errusieran, polonieran, portugesen, lituanieran eta beste hamasei herrialdetako hizkuntzatan. 1986. urtetik Kordobako Errege Akademiako kide da, eta 2003an Andalucía en la Historia aldizkaria sortu zuen; aldizkari horretako zuzendari izan zen 2006. urtera arte. Literaturan egindako jarduera alde batera utzita, Cabrako alkate izan da 1991. urtetik 2000. urtera arte, eta Andaluziako Parlamentuan Alderdi Andalucistako Diputatu izan da hiru legegintzalditan; azken bi legegintzalditan bere talde parlamentarioko bozeramaile izan da.

José Calvo Poyatoren hitzaldia 20:00etan hasiko da Villa Suso Jauregian. Sarrera librea izango da toki guztiak bete arte, eta Santa Maria Katedraleko Fundatzaileen Elkarteko kideek lehentasuna izango dute 19:45ak arte.