04/03/2009
Vitoria-Gasteizen, 2009ko
martxoaren 4an.- Santa Maria Katedrala Fundazioak bihar
eta ostiralean lan eta hausnarketa jardunaldiak egingo ditu bere
kanpaien etorkizuna zehazteko. Arabako, beste autonomia erkidego
batzuetako eta Alemaniako adituek bi egun emango dituzte kanpaien
egungo egoerari, haien kontserbazio aukerei eta daukaten soinuari buruz
eztabaidatzen. Horrez gain, ostiral arratsaldean ikusleriarentzako saio
irekia egingo da eta kanpaiek nola jotzen duten erakutsiko da.
Dorrearen goiko aldea zaharberritzeko lanen ondorioz, ekainean Santa
Maria Katedraleko 9 kanpaietatik 6 kendu zituzten. Harrezkero, Santa
Maria plazan daude ikusgai, beren etorkizunari buruzko erabakia noiz
hartuko duten zain.
Hori dela eta, Santa Maria Katedrala Fundazioak jardunaldi hauek
antolatu ditu estatuko eta nazioarteko aditu onenetariko batzuen
iritzia jasotzeko. Bi eguneko topaketa honetan, beren kontserbazio
egoeraren inguruan dauden zalantzak argitzen saiatuko dira.
Santa Maria
Katedrala Fundazioko arlo teknikoko kideez gain, honako hauek parte
hartuko dute: Pedro eta Alfonso Suescun, monumentuen erlojuak
zaharberritzen espezialistak, katedralekoa zaharberritzeko lanaz
arduratzen direnak; Francisco Fernández de Jáuregui, Arabako Etnografia
Mintegiko kidea eta Arabako Elizbarrutiko kanpaien eta kanpai-soinuen
arloko aditua; Francesc Llop i Bayo, antropologia sozialean doktorea
eta Valentziako Katedraleko campanerra; Llorenç Barber, musikaria,
nagusiki kanpai kontzertuak sortzen ditu; Abel Portilla, Kantabriako
kanpaigile leinu garrantzitsu bateko kanpai urtzaile artisaua eta
urketa teknika zaharrak berreskuratzen ari dena: Alberto Gil, Iruñeko
Katedraleko kanpaigile gonbidatua; Andreas Gold, katedraletako
arkitekto eta maisua, azken zazpi urteotan Erfurten (Alemania) lan
egiten duena; eta Michael Reuter, Erfurtko Katedraleko kanpaien
arduraduna den apaiza.
Jardunaldi tekniko hauek ikusleentzako itxita egongo dira ostiral
arratsaldean izan ezik. 17:00etatik aurrera Santa Maria Katedrala
Fundazioko zuzendari gerenteak, Juan Ignacio Lasagabasterrek, lortutako
hausnarketak aurkeztuko ditu eta Arabako kanpaien esparruari buruzko
sarreratxo bat egingo du. Haren ostean, Francisco Fernández de
Jáureguik ‘Vitoria-Gasteizko kanpaiei eta Diozesiari buruko zenbait
ohar’ hitzaldia emango du eta Francesc Llop i Bayok ‘Kanpai-deiak:
guztion soinu ondarea’ hitzaldian kanpaien soinuari buruz hitz egingo
digu. Jardunaldia 19:00etan bukatuko da ‘Antzinako soinuak’ekin,
bertan, tokiko adituek kanpai-deien erakustaldi bat egingo dute. Villa
Suso Jauregiko Martín de Salinas aretoan egingo da eta sarrera librea
egongo da toki guztiak bete arte.
Bederatzi kanpai hiru mailatan
Santa Maria Katedraleko dorrean 9 kanpai zeuden hiru mailatan banatuta.
Lehenengo mailan (gorputz oktogonalaren oinarrian) kanpai Kanonikoak
zeuden. Bost iraulketa- eta danga-kanpai dira. Bigarren mailan, aldiz,
(gorputz oktogonalaren goiko mailan) Kalonjeen kanpaia zegoen,
iraulketa-kanpai bakarra da. Sei kanpai horiek jaitsi ziren 2008ko
ekainean. Horiez gain beste hiru daude txapitelean. Erlojuko kanpaiak
dira, erlojuaren kanpai-hotsetarako soilik erabiltzen baitziren.
Kanpai historikoak ez diren arren (1700. urtea baino beranduagokoak
baitira), gehienak tokiko kanpaigileek egin zituzten katedralaren
inguruko galdategietan, 500 metrora, eta ondorioz, industria ondarea
direla esan daiteke. Halaber, instalazioak (erlojua, iraulketa eta
danga mekanismoak) Gasteizen egon zen kanpai eta erloju fabrika batean
egin ziren