Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

10/03/2009

Antonio Penadés idazleak Antzinako Greziari buruz hitz egingo du “Katedrala ezagutzen” zikloan

Hitzaldia bihar, asteazkena, arratsaldeko 20:00etan izango da Villa Suso Jauregian eta sarrera librea egongo da.

Gasteiz, 2009ko martxoaren 10a.- "Katedrala ezagutzen” Santa María Katedralak antolatutako hitzaldi-zikloan, bihar Valentziako Antonio Penadés idazlea izango dugu. Hitzaldia 20:00etan hasiko da Villa Suso Jauregian, sarrera librea izango da, eta "Antzinako Grezia, literatura eta arkitektura tenplarioaren sorleku” du izena.
Santa María Katedralaren Fundazioaren hitzaldi-zikloa amaitzear dago, martxoaren 31n, hain zuzen. Kasu honetan, idazle honek hamar urte behar izan zituen lehen liburua idazteko, “El hombre de Esparta”, baina literaturako kritikoek diote ezin dela damutu, eleberri historikoko erreferentziako izen bihurtu baita.
Antonio Penadés Valentzian jaio zen 1970. urtean, Informazio Zientzietan eta Zuzenbidean lizentziadun da; gainera Antzinako Historiko aditu da. Literaturaren munduan sartu zen "El hombre de Esparta” liburuari esker; eleberri historiko hori 2005ean argitaratu zen Espainian, eta urtebete geroago Grezian, eta arrakasta handia izan zuen. Obra Grezia Klasikoan girotuta dago Peloponesoko Gerren aurreko hilabeteetan (KA 431-404); atenastarren eta espartarren arteko borrokak kontatzen ditu. Penadés, gainera, aurten argitaratuko den eleberri historikoari buruzko saiakera-liburu batean parte hartu du; gaur egun liburu horren zuzenketak egiten ari dira. Bidaietako saio-kronikako liburu horrek "Tras las huellas del Heródoto" du izena.
Penadések irakaskuntzan biziki jardun du eleberri historikoari buruzko literatura-tailer bat zuzentzen baitu Ikasketa Klasiko eta Ekialdeko Ikasketen Valentziako Institutuan; tailerra 2005ean sortu zuten. Gainera Literaturako irakasle da Valentziako CEU Negozio Eskolan, eta zenbait hitzaldi eta solasaldi ematen ditu institutu eta eskolatan Greziako literatura eta zibilizazioari buruz.
Komunikabideekin ere lan egin du, bai idatzizko komunikabideekin, bai irratiekin; eta aipatzekoak dira Nacional Geographic aldizkari ospetsuan argitaratutako zenbait artikulu, “Guerreros de Esparta. La mejor infantería griega” eta ” La batalla de Termópilas. La gesta de Leónidas" izenekoak alegia. Halaber, Antzinatasunean, Ikasketa Klasikoetan, eleberri historikoan edo Antzinako Grezian espezializatutako zenbait kongresu eta jardunalditan parte hartzen du maiz.
Antonio Penadésen hitzaldia, "Antzinako Grezia, literatura eta arkitektura tenplarioaren sorleku” izenekoa, 20:00etan hasiko da Villa Suso Jauregian. Sarrera librea izango da toki guztiak bete arte, eta Santa Maria Katedraleko Fundatzaileen Elkarteko kideek lehentasuna izango dute 19:45ak arte.