30/03/2009
Gasteiz, 2009ko
martxoaren 30a.- Bihar Santa María Katedralak antolatutako
‘Katedrala ezagutzen’ hitzaldi-zikloko azken hitzaldia emango du Toti
Martínez de Lezea idazle gasteiztarrak. Hitzaldiaren izenburua ‘Zine
historikoko akatsak’ izango da eta arratsaldeko 20:00etan hasiko da
Villa Suso Jauregian. Sarrera librea izango da.
Azken hilabeteotan Gasteizera eleberri historikoan espezializatutako
idazle bikainak etorri dira, Margarita Torres, Antonio Penadés, Jesús
Sánchez Adalid, José Luis Urrutia, José Calvo Poyato eta Ángeles
Irisarri, besteak beste eta ‘Katedrala Ezagutzen’ zikloari bukaera
emateko, salmentetan eta irakurleen artean arrakasta handia duen idazle
oparo bat izango dugu.
Kukubiltxo antzerki taldearen sortzaile
den Toti Martínez de Lezea hogei urtez aritu zen aldi berean itzulpen
teknikoko lanak eta antzerkia eta telebistarako lanak egiten eta
hamaika haur saio idatzi eta zuzendu zituen. Ingeles eta frantseseko
titulua duen idazle honek 1998an ibilbide bikain bati ekin zion bere
lehenengo eleberriarekin. ‘La calle de la Judería’ izenburuko lan hori
familia judu-kristautu baten bizitzari buruzkoa da eta istorioa
Gasteizen XV. mendean kokatuta dago.
Ondoren, hamaika lan argitaratu ditu, honako hauek besteak beste: ‘Las
torres de Sancho’ (1999), XI. mendean Nafarroako Antxo III. Nagusiaren
garaian oinarritua, ‘La Herbolera’ (2000), Durangoko 1500. urteko
sorgin-ehizan dokumentatua, ‘Señor de la guerra’ (2001), Euskal Herriko
alderdien borrokan eta Arrasateko 1448ko erreketan girotua, eta ‘La
abadesa’ (2002), Fernando Katolikoak Bilboko emakume batekin izandako
alaba ez-legitimo baten bizitzari buruzkoa.
Urte hartan bertan ‘Euskal Leiendak’ lana berriro argitaratu zuen
formatu berri batean eta ilustrazio berriekin, baita bere
gazte-literaturako lehen eleberria, ‘El mensajero del rey’ izenburukoa,
ere. 2002an ‘Los hijos de Ogaiz’ ere argitaratu zuen. Lan hori
Lizarran, XIV. mendean izurri beltzaren garaian girotuta zegoen. Bere
ibilbidean jarraituz, azken urteotan hainbat eleberri arrakastatsu
argitaratu ditu, adibidez: ‘La voz de Lug’, ‘La hija de la luna’,
‘Antxo III Nagusia’, ‘El verdugo de Dios’, ‘El jardín de la Oca’, ‘La
Flor de Argoma’, ‘Placeres Reales, Reyes, Reinas, Sexo y Cocina’ eta ‘A
la sombra del templo’. Azken lan horretan Adriano Utrech Kardinala Aita
Santu izendatu zutenean Gasteizen bizi zen giroa deskribatzen du eta
bertan, Santa Maria Katedrala, artean Santa María Kolegiata zenean,
protagonista da.
Bere ibilbide literario arrakastatsuan sari ugari lortu
ditu, esaterako, 2000. urtean Donostiako liburu Azokako liburu
salduenaren Euskadiko Zilarrezko Saria lortu zuen eta Bilboko Liburu
Azokan 2001ean idazlerik salduena izatearen ondoriozko Zilarrezko Luma
eskuratu zuen. Horrez gain, sarritan komunikabide anitzekin lanean
aritzen da eta liburutegi eta kultura elkarteetan hitzaldiak ematen
ditu.
Toti Martínez de Lezearen ‘Zine historikoko akatsak’ hitzaldia
20:00etan hasiko da Villa Suso Jauregian. Sarrera librea izango da toki
guztiak bete arte, eta Santa Maria Katedraleko Fundatzaileen Elkarteko
kideek lehentasuna izango dute 19:45ak arte.