02/04/2009
Vitoria-Gasteiz,
2009ko apirilaren 2a.- Santa Maria Katedralak eliz musika
ziklo bat antolatu du Aste Santurako. Ostegun Santuan, Ostiral Santuan
eta Larunbat Santuan tenpluko arkupeetan hiru kontzertu egongo dira
Intonationes eta Conductus Ensemble taldeen eta Nafarroako Ganbera
Koruaren eskutik. Sarrera librea izango da.
Aste Santua dela eta, Santa Maria Katedrala Fundazioak bere kultura
programazioa zabaldu nahi izan du eliz musikarekin. ‘Kontzertuan eta
irekita’ zikloan hiru ikuskizun antolatu ditu jaiegunetan Gasteizen
geratuko diren entzuleei eta hiria bisitatzera datozen pertsonei musika
mota hau ezagutzera emateko.
Ostegun
Santuan Intonationes taldea izango dugu. Talde honek XVIII. mendea
baino lehenagoko errepertorio europar orokorra (bereziki konpositore
hispaniarren lanak) interpretatzen du. ‘Presencias del Pange Lingua’
izenburuko programa aurkeztuko dute. Izenburuak Santo Tomasek
idatzitako eukaristiarako himnoari egiten dio erreferentzia eta Ostegun
Santuan abesten da. Aipatzekoa da programa hau estreinako aldiz egingo
dela. Intonationes taldea honako hauek osatzen dute: Maite Arruabarrena
mezzosopranoa, David Sagastume kontratenorea, Lluís Vilamajó tenorea,
Daniele Carnovich baxua, Daniel Oyarzabal organo-jolea eta Enrique
Solinis artxilautea.
Hurrengo egunean, Ostiral Santuan, Katedralaren arkupean Conductus
Ensemble taldea izango dugu. Talde hau 2002an sortu zuen Andoni
Sierrak, taldearen zuzendariak. 40 musikari profesional,
instrumentu-jole eta koru kide baino gehiagok osatzen dute eta ekitaldi
bakoitzean interpretatuko duten errepertoriora egokitzen dira.
Horietariko asko bakarlari gisa aritzen dira herrialdeko koru eta
instrumentu talde garrantzitsuenetariko batzuetan. Kasu honetan
Reinhard Keiserren ‘Pasión según San Marcos’ eskainiko digute. Lan hori
J. S. Bach-en Pasio handien aitzindaritzat jotzen da. Hunkiberatasun,
dramatismo eta adierazkortasunez betetako musika da. Garai batean
entzuleriak oso gogoko zuen, baina denbora joan ahala, ahaztuta geratu
zen.
Azkenik, Larunbat Santuan Nafarroako
Ganbera Abesbatzaren txanda izango da. Duela urtebete baino gutxiago
sortutako eta David Guindanoren zuzendaritzaren menpe diharduen talde
honen helburua koru errepertorio zabal bat interpretatzea da, bereziki,
Espainia eta Hispanoamerikako lanak. Kontzertu, grabaketa eta
partituren argitalpenaren bitartez, musika hau zabaldu nahi du. XVII.
mendeko hileta musika programa bat interpretatuko digute eta programa
horrek Schütz-en ‘Musikalische Exequien’, Blow-ren ‘Salvator Mundi’ eta
Purcell-en ‘Funeral Music for Queen Mary’ lanak barne hartzen ditu.
Kontzertu guztiak doakoak izango dira eta Katedraleko
arkupeetan egingo dira arratsaldeko 20:00etan. Gonbidapenen banaketa
(pertsona bakoitzeko bi gehienez) apirilaren 6an, astelehena, hasiko da
Bisitarientzako Harrera Zentroan (Buruileria Plazan).