05/05/2009
Vitoria-Gasteiz, 2009ko
maiatzaren 5ean.- ‘Katedrala Ezagutzen’ hitzaldi zikloan
Alfonso Jiménez Martínek, hots, Sevillako Katedral Metropolitarreko
arkitekto eta maisuak, bihar hitzaldi bat emango du Oñatiko (Gipuzkoa)
Bidaurretako Hirutasun Guztiz Santuaren Klaratarren komentuko
agiritegian Sevillako tenpluaren trazaturik zaharrena (Erdi Aroko
planoa) agertu izanari buruz. Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatu
duen hitzaldi hau Vital Kutxaren Fundazio Aretoan (Dendaraba) egingo da
arratsaldeko 20:00etan eta sarrera librea izango da.
Jiménez Martínek
agiria nola aurkitu eta identifikatu zen azalduko du, bitxia baita
irudikatzen den elementutik hain urrun gordetzea. Ikerketa horri buruz
liburu bat idatzi du Begoña Alonso Ruiz historialariarekin batera.
Autore bien hitzetan, penintsulako Erdi Aroko plano bakanetariko bat,
magna hispalensis delakoaren jatorrizko trazatu zaharraren kopia,
Euskal Herrian aurkitu izanak Sevillako katedrala Espainia eta
Amerikako eraikin askotarako laborategi gisa erabili zela frogatzen du.
Planoa
1999an aurkitu zuten, komentuaren eta haren sortzailearen historia
argitaratu zenean. Grafikoa ilustrazio gisa jaso zen, baina daturik
gabe. Zenbait urte geroago, Begoña Alonso Ruiz eta Alfonso Jiménez
Martín ikerketa sakon bat egiten hasi ziren. Ikerketa hori ‘La Traça de
la Iglesia de Sevilla’ (Cabildo Metropolitano, Sevilla 2009) izenburuko
liburuan islatu dute eta bertaratuek Santa Maria Katedrala Fundazioak
antolatutako hitzaldi honetan ezagutu ahalko dute.
Aipatutako plano horiekin batera, jatorrizko bost marrazki zahar ere
zeuden eta horietariko batean, Arabako eraikin baten zati bat
irudikatuta zegoen: Dulantziko gotorlekuko Joana Eroa andrearen
ezkutua, hain zuzen.
Alfonso Jiménez
Martín (Sevilla, 1946) Cadiz, Huelva eta Sevillan ehunetik gora
eraikinen eta eraikin multzoren zaharberritze lanetan aritu da lanean
eta Sevillako unibertsitateko hiru ikastegitan aritu da eskolak ematen.
Arkitekturako Goi Eskola Teknikoko espediente akademikorik onenaren
Real Maestranza de Sevillaren Saria lortu zuen eta hainbat sari jaso
ditu, adibidez, Huelvako Kultura Ondarea Defendatu eta Sustatzeko
Elkartearen lehen Saria eta Birgaitzeen I. FIBES Saria Andaluziako
Parlamentuko lanengatik. Espainiako Gobernuaren Hezkuntza, Kultura eta
Kirol Ministerioak berari eta Teresa Laguna Paúl andreari
Zaharberritzeen Sari Nazionala eman zien Sevillako katedralaren
kontserbazioagatik, eta aipatzekoa da proiektu horretan XXVI. Maisu
Nagusi izatea lortu duela ere.
Alfonso Jiménez Martínen hitzaldia 20:00etan hasiko da Vital Kutxaren
Fundazio Aretoan, Dendaraba merkataritza-gunean. Sarrera librea egongo
da toki guztiak bete arte.