Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

07/05/2009

‘Kontzertuan eta irekita’ programa larunbatean itzuliko da Santa Maria Katedralera Daniel Oyarzabal gasteiztarraren ikuskizunarekin

Bi teklatu dauzkan klabe alemaniar batekin Johann Sebastian Bach-en teklatu lanik ezagun eta arrakastatsuena den ‘Goldberg Variazioak’ lana interpretatuko du

Vitoria-Gasteiz, 2009ko maiatzaren 7a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak maiatzaren 9an, larunbata, berriro ekingo dio ‘Kontzertuan eta irekita’ zikloari Daniel Oyarzabalen kontzertuarekin. Musikari gasteiztar ospetsuak bi teklatu dauzkan klabe alemaniar batekin Johann Sebastian Bach-en teklatu lanik ezagunena den ‘Goldberg Variazioak’ interpretatuko du. Kontzertua arratsaldeko 20:00etan hasiko da arkupean. Dohainik izango den arren, beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea.
Oyarzabalek klabe eta organo espezialitateetan ikasketa bukaerako ohore saria lortu zuen. Ikasketekin Vienako Goi Musika Eskolan jarraitu zuen Thomas Schmögner-ekin, baita Hagako Errege Kontserbatorioan eta musikaririk onenekin batera ere. Horrez gain, hainbat sari lortu ditu lehiaketetan, adibidez, 1998an Erromako Nazioarteko Musika Lehiaketan Inprobisazioaren arloko Lehen Saria eta 2002an, Nijmegen-go (Holanda) Nazioarteko XIX. Lehiaketako Hirugarren Saria lortu ditu.
Nazioarteko jaialdietan parte hartu ohi du, bai bakarlari gisa, bai kontinuista gisa eta kontzertuak eman ditu Europa osotik eta Japonian. Azpimarratzekoak dira Milango Festival Due Organi in Concerton, Copenhagueko Orgelkonzert Nazioarteko Zikloan, Vienako Organo Jaialdian eta Amsterdamgo Orgel Nazioarteko Jaialdian bakarlari gisa gauzatutako parte-hartzeak.

Halaber, Oyarzabalek euskal musika garaikidearen hedapenean parte hartu ohi du, baita egungo konpositoreen lanen estreinaldietan ere. 2000. urtetik Gasteizko Nazioarteko Organo Jaialdiko zuzendari artistikoa da. Jaialdi hori nazionalitate desberdinetako organo-jole gazteak bultzatu eta babestera bideratuta dago.
Santa Maria Katedraleko arkupean egingo duen ikuskizunean ‘Goldberg Bariazioak’ lana, hots, Johan Sebastián Bach-en teklatu lanik ezagun eta arrakastatsuena, interpretatuko du, gaur egun musika klasikoaren zaleek gustukoen duten lanetariko bat, alegia. ‘Goldberg Bariazioak’ aria izeneko lan batek, 30 bariaziok eta Ariaren errepikapen batek osatzen dute. Guztiak lotzen dituena ez da melodia komun bat, etengabeko atzeko soinu harmoniko bat baizik. Oyarzabalek bi teklatuko klabe alemaniar batekin interpretatuko du programa hau. Christian Müller-en 1738ko klabe alemaniar baten kopia bat da, Andrea Restellik 2004an egina.
Kontzertu hau doakoa izango da eta Katedraleko arkupeetan egingo da arratsaldeko 20:00etan. Toki kopuru mugatua dagoenez, beharrezkoa izango da gonbidapenak Bisitarien Harrera Zentroan (Buruileria Plazan) jasotzea.