Kontzertua larunbatean arratsaldeko 20:00etan hasiko da. Sarrera librea izango den arren, beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena jasotzea.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko
maiatzaren 20a.- Santa Maria Katedralak larunbatean David
Soler eta Denga Boskotearen ikuskizuna eskainiko du. Taldearen jazzak,
rockak eta gaur egungo musika klasikoak tenpluko elizpea beteko dute.
‘Kontzertuan eta irekita’ zikloko kontzertu hau arratsaldeko 20:00etan
hasiko da eta beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena
eskuratzea.
Hilaren 9an Daniel Oyarzabal musikari gasteiztarrak eskaini zigun
ikuskizunaren ondoren, maiatza musika proposamen honekin bukatuko da.
Oraingoan, Katedralaren arkupean David Soler gitarra-jolea izango dugu.
Llibert Fortuny eta Jonah Smith Band jazz eta musika elektronikoko
taldeetan lortu duen arrakastaren ondoren, orain lider gisa gauzatu
duen lehenengo proiektuarekin datorkigu.
‘Denga’ boskotean Solerrek jazza eta rocka, gaurko musika
eta Afrikako koloreak, soinu elektronikoak eta marinba primitiboak
bateratzen ditu. ‘Denga’ fusioa da, hizkuntzarik desberdinenen
sintesia. Bere errepertorioan jazz rock garapenak, ‘Paris, Texas’
filmeko soinu bandatik aterata diruditen tarteak eta Messiaen eta
Hindemith konpositoreen lanak bildu ditu. Proiektu hau Solerren
ibilbidea bezain heterodoxoa da, izan ere, aipatzekoa da Steely Dan
gitarra-jolearen eskolak jaso zituela eta Tortell Poltronarekin bira
batean aritu zela 18 urte bete baino lehen.
Soler taldearen burua da eta gainerako kideak Eric Deutzak
teklatu-jolea, Ben Rubbin baxu elektrikoa, Marc Pino perkusionista eta
Borja Barrueta bateria-jolea dira.
Santa
Maria Katedrala Fundazioaren ‘Kontzertuan eta irekita’ zikloko
ikuskizun hau Jazzargia proiektuaren barruko ekimena da. Jazzargia
2007aren bukaera aldera sortu zen kultura eta musika elkarte bat da.
Geure inguruan zuzeneko musikaren kultura berreskuratu nahi duten
jazz-zaleek osatzen dute elkarte hori. Zuzeneko kontzertuak antolatzeaz
gain, dibulgaziozko argitalpen bat daukate eta publikoari musika hau
ezagutzera emateko ekimen didaktikoak prestatzen dituzte.
Kontzertu hau doakoa izango da eta Katedraleko elizpean egingo da
arratsaldeko 20:00etan. Toki kopuru mugatua dagoenez, beharrezkoa
izango da gonbidapenak Bisitarien Harrera Zentroan (Buruileria Plazan)
jasotzea.