27/05/2009
Vitoria-Gasteiz,
2009ko maiatzaren 27a.- Santa Maria Katedraleko elizpeak
gaurtik aurrera beste elementu erakargarri bat gehiago izango du.
Paterninatarren Kapera elizpearen aurrealdean dago. Kapera eraikitzea
agindu zuen abadearen omenez jarri zioten izena. Bideo digitala
proiektatzeko sistema sofistikatu bati esker, zituen koloreak
berreskuratu ditu eta XVI. mendetik XX. mendera polikromiek izan zuten
bilakaera ikusi ahalko da. Europan bakarra den argi eta kolore
ikuskizun bikain honek Gasteizko tenpluko bisiten eskaintza zabalduko
du.
“Argiaren Elizpea” gaur aurkeztuko da jendaurrean. Gaur egun
desagertuta dauden polikromia historikoak modu digitalean proiektatuz,
iraganera bidaia daiteke denborak Santa Maria katedralari kendu zion
koloreaz gozatzeko. Proiektu honetan erabakigarriak izan dira
elizpea zaharberritzean egin diren ikerketa lanak. Faktore biak
batzean, koloreak itzultzeko orain arteko kontzeptua erabat aldatu duen
argi eta soinu ikuskizun bat lortu da eta bisitariek Paterninatarren
Kaperan aurkitu diren estilo piktoriko eta kromatiko desberdinen
bilakaera historikoa ikusi ahalko dute.
Zenbait proiektore batera erabiltzeari eta proiekzio geometrikoko
teknika batzuen aplikazioari esker lortzen den ingurunean ikusleak oso
modu egiazkoan antzeman dezake apainketa kontzeptuen bilakaera. Aldi
berean, kanpoko ahots batek xehetasunak azaltzen ditu.
3.000 proba baino
gehiago egin dira
Santa Maria Katedraleko elizpeak koloreak izan zituen 60ko hamarkadara
arte. Garai hartan, elizpea zaharberritu zuten eta lan horren helburua
kolore arrasto oro sistematikoki karrakatu eta ezabatzea zen, hain
zuzen, eta zoritxarrez, polikromia aztarna guztiak desagerrarazi
zituzten.
2003 eta 2004an zaharberritze artistikoaren arloko profesional talde
batek elizpea 18 hilabetez aztertu zuen. Epe horretan 3.000 probatik
gora egin ziren, dokumentazio osatu bat gauzatu zen, eta horrela,
baliokidetasun eskema bat egin ahal izan zuten eta bertan, aldi
historiko guztietako pigmentuak identifika daitezke. Horri esker,
elizpeak dituen bostehun urteetan 15 esku-hartze orokor egin zirela
ikusi da. Hortaz, argi dago mende askotan zehar harrizko elementuen
kolorea funtsezkotzat jo zutela. Halaber, osagarri gisa, elizpeak garai
desberdinetan izan duen itxura erakusten duten berreraikitze grafikoak
egin dira.
Bideo digitala
proiektatzeko teknikak
Paterninatarren Kapera da, tinpano zentraleko Andre Mariaren eskultura
salbu, polikromiarik aberatsena izan zuen arloa. Orain bisitariek
koloreak elizpe polikromatu bat ikusiko balute bezala ikusi ahalko
dituzte, hau da, proiektatutako argia beharrean, kolorea pigmentua dela
dirudi. Kaperan lau bideo-proiektore jarri dira sentsazio hori
lortzeko. Proiektoreak kaperako aldamenetan daude brontzezko
armairuetan sartuta, material hori inguruarekin bateragarria baita.
Artearen zaharberritze lanen arloan bideo digitala proiektatzeko
teknika erabiliz, monumentuari bere garaian izan zuen kolorea itzuli
ahal zaio. Eskaintzen dituen aukera berrien zerrenda amaigabea da.
Santa Maria katedralean elizpea eta kolorea beti egon izan dira lotuta,
baina gaur egun ideia berritzailea dirudi.
Musika
Polikromiak proiektatzen diren bitartean José Luis Dorronsoro eta José
Antonio San Miguelen musika lan bat entzun ahalko da. Biak dira Boreas
Cámara taldeko kideak. Beren hitzetan, “Santa Maria Katedrala
Fundazioak lan honekin antzinako mundua eta mundu garaikidea batzeko
aukera eman digu, hau da, bertan, fresko-pinturaren tradiziozko
metodoak eta gaur egungo teknologiarik berrienak bat egiten dute, eta
ondorioz, katedraleko kanpaiak, organoa eta musika elektroakustikoa
bateratu ditugu”.
Hori dela eta, beren lanaren oinarriko soinu materiala “katedralaren
soinua bera izan da. Mende luzez bere hormetan bizi izan diren
antzinako oihartzunei bizitza eman nahi genien, hau da, elizaren
inguruko bizitza, organoa eta korua Gasteizko bizitza profanoa bezala,
hots, kanpaien erritmoa emanez".
Bisitak dohainik
ekainaren 5era arte
Ikuskizuna dohainik bisitatu ahalko da maiatzaren 28tik ekainaren 5era.
Egunero bi bisita egongo dira, bata 19:00etan eta bestea 19:30etan, eta
taldeak 60 pertsona ingurukoak izango dira. Egun horretatik aurrera,
elizpea eta haren polikromiak egunero ikusi ahalko dira arratsaldeko
azken orduan 3 euroko prezioan. Bisitei buruzko informazio gehiago
lortzeko eta erreserbak egiteko: 945 255 135.