Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

10/06/2009

Santa María Katedralean aste honetan Luis Aramburu Eskolako ikasleen eta Lautada Abesbatzaren kontzertuak izango ditugu

Biak doakoak dira eta gonbidapenak Bisitarientzako Harrera Zentroan har daitezke

         Vitoria-Gasteiz, 2009ko ekainaren 10a.- Santa María Katedralaren elizpean aste honetan beste bi musika-jarduera izango ditugu, “Kontzertuan eta Irekita” programaren barruan.  Bihar, osteguna, Luis Aramburu Musika Eskolako ikasleak izango dira protagonistak, ikasturte amaiera dela-eta kontzertua eskainiko baitute; larunbatean, Lautada Abesbatzak jendeari errezitaldi polifonikoa eskainiko dio eta horretarako Arabako egile batzuen zenbait lan aukeratu dituzte. Doakoak izango dira, baina gonbidapena hartu behar duzue.
Iaz bezala, Luis Aramburu Musika Eskolako ikasleek  ikasturte amaierako kontzertua emango dute Katedralaren elizpean.  Eremu horretan hamabost bat pieza joko dituzte, eta horrekin eskolako irakaskuntzaren kalitatea eta ikasturtean ikasitakoa erakutsiko digute; Eskola hirigune historikoan dago. Bertaratukoek eskolako flauten taldearekin —Elzbieta Podoloyaren zuzendaritzapean Bach-en zenbait lan joko dituzte—, hari-zazpikotearekin —Pergolesi-ren “Stizzoso mio stizzoso” joko dute— edo eskolako abesbatzaren ahotsekin gozatuko dute.  
Gainera flauta eta akordeoi bikoteak eta piano eta flauta bikoteak izango dira, eta baita akordiorako piezak eta haize eta perkusio tresnekin egindako interpretazioak ere.  Errezitaldia 19:15ean hasiko da, sarrera doakoa izango da, baina gonbidapena hartu behar da Bisitarientzako Harrera Zentroan. 

             Luis Aramburu Udal  Musika Eskola 1992. urtean sortu zuten, eta urteen barrena edozein adineko ikasleei musika-irakaskuntza eskaintzen dien eskola emankor bihurtu da; gainera, gero eta ikasle zein irakasgai gehiago ditu. 1.400 ikasle eta hogeita hamar bat irakasle baino gehiago dira; irakaskuntza lau mailatan egituratuta dago, eta eskolak musika-tresna talde egonkor batzuk ditu. 
Bestalde, ekainaren 13an Lautada Abesbatza eszenatokira igoko da errezitaldi polifoniko bat eskaintzeko, Arabako egile batzuen obren aukeraketa bat alegia. Olabide Ikastolaren barruan sortu zuten 1985. urtean, ikasleen gurasoen ekimenez. Helburua hemen zein kanpoan musika zabaltzea eta garatzea izan da beti.  Errepertorio zabala du, eta nabarmentzekoa da musika polifoniko erlijiosoa, eta baita egile ospetsu batzuen musika folklorikoa ere (Guridi, Iradier edo Aramburu, besteak beste). 
Jesús Merinoren zuzendaritzapean, Lautada Abesbatzak hainbat abesbatza-truketan parte hartu du Euskadin eta Euskaditik kanpo. Nabarmendu dezakegu, adibidez, martxoan parte hartu zuela Itsasuko “Arraga” Abesbatzarekin egindako trukean Cambó-les-Bais-en (Lapurdi), edo apirilean kontzertu batzuk eman zituela Salobreñan (Granada).

             Larunbatean Katedraleko elizpean emango duen kontzertua 20:00etan hasiko da, eta Luis Arambururen (“Gaur Akelarre Gorbeian” edo “Sanctus”), Sebastian Iradierren (“La Paloma” eta “El chin chin chan”), Hilario Extramianaren (“Kukua Euskal Herrian”) edo Alfredo Donnayren obrak abestuko dituzte, besteak beste. 
Toki kopuru mugatua dagoenez, errezitaldira etortzeko beharrezkoa izango da gonbidapenak Bisitarien Harrera Zentroan (Buruileria Plazan) jasotzea.