17/06/2009
Vitoria-Gasteiz,
2009ko ekainaren 17an.- Aurten ere, Santa Maria Katedrala
Fundazioak udan umeei zuzendutako eskulan tailerrak martxan jarriko
ditu. Oraingoan, umeek tenpluaren historian, artean eta arkitekturan
ongi pasatuz gehiago sakondu ahal izateko, astebeteko udalekuak
antolatu dira.
Udalekuak astelehenetik ostiralera izango dira goizeko 10:00etatik
13:00era. 8 eta 11 urte bitarteko neska-mutilentzako tailer hauetan
hiru txanda egongo dira: Uztailaren 6tik 10era, 13tik 17ra eta 20tik
24ra. Ekimen honen bidez, umeei tenplua hurbiltzea lortu nahi da eta
horretarako, eraikineko hainbat puntu bisitatuko dituzte.
Horrela, tenpluaren arazoak ezagutzeaz gain, bertan egiten den lana eta
ondarea zaintzearen garrantzia ikasiko dute.
Taldeak gehienez 20 umekoak izango dira, bi hizkuntza erabiliko dira
(euskara eta gaztelania) eta 20 euroko prezioa izango dute
Fundatzaileen Elkarteko kideentzat eta 30 eurokoak izango dira
gainerakoentzat. Izena emateko erreserba Katedraleko Bisitarientzako
Harrera Zentroan (Buruileria plazan) edo 945 255 135 telefonora deituz
egin daiteke, eta horretarako azken eguna txanda bakoitzaren aurreko
ostirala izango da.
1. eguna – Ongi etorri
Lehenengo egunean, jokoetan parte hartuko dute elkar ezagutzeko. Horrez
gain, katedralaren logotipoa daukan kamiseta bat egingo dute eta hori
izango da aste guztirako izango duten uniformea eta kamiseta horrekin
bereiziko dute beren taldea.
2. eguna – Katedrala gaixorik dago
Bigarren egunean, parte-hartzaileek katedralaren arazo historikoak
aztertuko dituzte. Tenpluaren eraikuntzaren faseak eta historia
azaltzeaz gain, gaur egungo zaharberritze lanetarako egin diren lan eta
ikerketak ezagutuko dituzte. Taldeak lanean ari den teknikariekin hitz
egiteko aukera izango dute. Haiek beren lana zein den eta erabiltzen
dituzten teknikak azalduko dizkiete, eta horretarako, adibideak jarriko
dizkiete eta txikien mailara egokitutako hizkera erabiliko dute.
Jarduera plastikoari dagokionez, taula bat egingo dute pintzak erabiliz
eta bertan, arazoak dauzkaten eremuak markatu eta zintzilikatuko
dituzte. Gero, etxean argazkiak, oharrak, postalak, etab. jartzeko
erabili ahalko dute.
3. eguna – Harresia
Hirugarren egunean Gasteizen maketak ikustera joango dira eta horrela,
hiria nolakoa zen ikusiko dute eta horrez gain, berreskuratu den zatia
ikustera joango dira. Bisita horren helburua ez da harresien helburua
ezagutzea soilik, horrez gain, harresiak eraikitzeko teknikak eta beste
zeregin batzuetarako berriz erabiltzeko ideia azalduko dizkiete. Gero,
bakoitzak harresi bat egingo du material birziklatuekin.
4. eguna –
Elizpe argiztatua – Elizpeko polikromiak
Elizpera egingo duten bisitan, haren zeregina azalduko diete, baita
eskulturen eta tinpanoen balorea ere, “harrizko komikiak” bezalakoak
direla azalduko diete. Horrez gain, polikromiek historian izan duten
bilakaera ere azalduko diete. Paterninatarren kaperako azetato
gardenezko argazki batzuekin koaderno edo kaier bat egingo dute, bertan
garai desberdinetako polikromiak margotuko dituzte, baita beraiek
jarriko lizkieketen koloreak ere.
5. eguna –
Katedralaren ahotsa
Azken egunean, katedraleko kanpaietara joango dira. Haien neurriak,
fabrikazio teknikak eta funtzioak (asko ahaztuta daude jada) azalduko
dizkiete. Kanpaiak zaharberritu beharraz hausnartuko dute, ez balio
handiko ondare artistiko gisa soilik, baita herrien eta hirien
bizitzaren garapenerako gako gisa ere. Tailerrean, bakoitzak kanpai bat
egingo du eta bere izena jarriko dio, baita inskripzio bat ere.