Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

19/06/2009

Ebony klarinete laukotea izango da bihar Santa Maria Katedraleko elizpeko kontzertuko protagonista

Kontzertua arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta sarrera librea izango den arren, beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena jasotzea.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko ekainaren 19a.- Ebony klarinete laukoteak kontzertua eskainiko du bihar, larunbata, Santa Maria Katedraleko elizpean. Taldea Gasteizko musika kontserbatorioan sortu zen eta errepertorio zabala du. ‘Kontzertuan eta irekita’ zikloko kontzertu hau arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta doakoa izango den arren, beharrezkoa izango da aldez aurretik gonbidapena eskuratzea.
Hilaren 13an Lautada Abesbatzak errezitaldi polifoniko arrakastatsua eskaini zigun autore arabarren lan hautatu batzuekin, bihar, aldiz, Gasteizko Jesús Guridi Kontserbatorioko ikasgeletan sortutako beste talde baten txanda izango da.

Ebony klarinete laukotea musika eskola horretako klarinete ikasgelan eratu zen instrumentu horren familiako errepertorioa (jatorrizkoa nahiz taldera egokitutakoa) ezagutzera emateko eta aldi berean, ikasleen prestakuntzarako tresna baliotsu gisa balio izateko. Horrez gain, aipatzekoa da errepertorio zabala duela eta musika estilo gehienak barne hartzen dituela.
Biharko kontzertuko programak bi zati izango ditu eta Farkas, Händel, Dubois, Mozart, Yasinitsky, Thompson, Gershwin, Marshall eta Wiberny-ren lanak eskainiko dizkigute.

Kontzertu hau doakoa izango da eta Katedraleko elizpean egingo da arratsaldeko 20:00etan. Toki kopuru mugatua dagoenez, beharrezkoa izango da gonbidapenak Bisitarien Harrera Zentroan (Buruileria Plazan) jasotzea.