Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

09/07/2009

Santa Maria Katedralak dorrea ikusteko bisitak berreskuratuko ditu bihar

2009/07/09 Hiriko talaia hau ostiral arratsaldez, asteburuetan eta jaiegunetan bisitatu ahal izango da

Vitoria-Gasteiz, 2009ko uztailak 9.- Santa Maria Katedraleko dorrea berriro bisitatu ahal izango da bihartik aurrera. Lanengatik ia 4 hilabete itxita eman ostean, talaiaraino igo ahal izango da hiriaren eta baita Lautadaren gaineko ikuspegi zoragarriez gozatzeko. Gainera, oraingo honetan gorago, erlojuaren mailaraino igo ahal izango da.
Duela urtebete “obretan eta irekita” egitarauan beste bisita bat gehitu zitzaien Santa Maria Katedraleko bisita-gidatuetako ibilbideei. Garai hartan, eta lan materialak igotzeko jarritako karga-jasogailuari esker, ekimen arrakastatsua jarri zen abian; horri esker, ehunka bisitarik hiriaren gaineko lekurik altuenaz gozatu ahal izan zuten.
Urte hasieraz geroztik itxita izan da, besteak beste, zorua egonkortu eta harria forjatu zein garbitzeko; ostirala bihartik aurrera, berriro abiaraziko dute ekimen hau ostiral arratsalde, asteburu eta jaiegunetan, eraberritze-lanei trabarik ez egitearren.
Karga-jasogailua egokituta dago eta uneoro Fundazioko gida eta langileez lagunduta joango diren bisitarien segurtasuna bermatzeko exijitutako prebentzio-neurriak betetzen ditu. Hamar eta hamabi lagun arteko taldeak izango dira. Ostiral arratsaldez bisitatu ahal izango da 16.45, 17.45 eta 19.00tan. Asteburu eta jaiegunetan, iluntzeko bisita-ordu hauez gain, 10.45, 12.15 eta 13.15tan ere igo ahal izango da. Gutxi gora behera 40 minutu iraungo ditu bisitak eta lagun bakoitzeko 5 euro ordaindu beharko dira. Segurtasun arrazoiak tarteko, 12 urtez beherako haurrek ezin izango dute igo eta derrigorrezkoa izango da bisitariek oinetako itxiak eramatea.
Lehen bezala, igogailua lehenengo kanpandorreraino iritsiko da, 30 metroko altueran: hortik zorua nola berregin duten begiztatu ahal izango da, baita XIX. mendeko suteak oso hondatua utzi zuen zuraren-forjaketa ere; gainera, harria garbitu dute eta ipar-ekialdeko eta ipar-mendebaldeko arkuak zabaldu dituzte norabide guztietako ikuspegia erraztearren.
Bisitak, ordea, eraberritutako barne-eskailera batetik gora bigarren kanpandorreraino edo erloju-mailaraino igotzea ahalbidetuko du. 45 metroko altueran kokatua, zorua nola berregokitu duten eta aurrez zabalik zeuden 3 arkuez gain, itxita zeuden beste bost nola zabaldu dituzten ikusi ahal izango du bisitariak hortik. Bertan, kariloia eta erlojuaren makineria jarri nahi dituzte aurrerantzean. Gainera, lanek aurrera doaz eta etorkizuneko asmoen artean, mugikortasun urritasuna duten pertsonentzako barne-igogailua jartzea nabarmendu liteke.