Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

23/07/2009

Hirurogei neska-mutilek artea, historia eta arkitektura ikasi dute Santa María Katedraleko eskulan-udalekuetan

2009/07/23 Astebeteko hiru txanda egin dira, eta hiru txanda horietan toki guztiak okupatu dituzte

Vitoria-Gasteiz, 2009ko uztailaren 23a.- 8 eta 11 urte bitarteko hirurogei neska-mutilek artea, historia eta arkitektura ikasi dute eta aldi berean ondo pasatu dute Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatu dituen eskulan-udalekuetan. Astebetez talde bakoitzak katedrala eta harresia bisitatu du, kanpaiak egin ditu, arkeologoekin hitz egin du eta ikusi du nola zaharberritzen den eraikin gaixo bat.

Bihar, ostirala, amaitu egingo da Santa María Katedrala antolatutako umeentzako udalekuen hirugarren eta azken txanda. Parte-hartze aldetik arrakasta handikoak izan dira. Horrela bada, lehenengo edizio honetan udalekuek bost egun iraun dute, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 13:00ak arte, talde hirurak osatu dira eta eskainitako leku guztiak bete dira.

Tailerrak elebidunak izan dira eta umeek katedralaren zenbait puntu bisitatzeko aukera izan dute. Katedralean ibili ondoren, zenbait jarduera plastiko burutu dituzte; horrela, tenpluaren arazoak ezagutzeaz gain, bertan egiten den lana eta ondarea zaintzearen garrantzia ikasi dute. Gainera, sormena eta irudimena landu dute, eta etxera egindako lanak eraman dituzte, katedralean egon diren bost egun horiek oroitzeko.

Fundazioko monitoreen laguntzarekin, umeek jolastu dute eta katedralaren logotipoa daukan kamiseta bat egin dute; hori izan da aste guztirako izan duten uniformea eta kamiseta horrekin bereizi dute beren taldea. Gainera, Fundazioko zuzendari Juan Ignacio Lasagabasterrekin hitz egin dute; zuzendariak zaharberritzeko lanei buruzko azalpenak eman dizkie. Obran bertan diren teknikari eta arkeologoekin ere hitz egiteko aukera izan dute. Erdi Aroko harresitik berreskuratu den tartean ibili dira eta beren harresia egin dute material birziklatu batzuekin; elizpeko polikromiak irudikatu dituzte eta haiek nahi izan duten moduan margotu dituzte. Kanpaigile izatera jolastu dute; euren kanpaia egin dute eta horri izena jarri diote.

Laburbilduz, oso esperientzia aberasgarria izan da, bai parte hartu duten umeentzat, bai ume horiekin lan egin duten Fundazioko langileentzat; beste edizio batzuk ere burutuko ditugu.