Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

31/07/2009

Abuztuan ipuin kontalari batek eta txotxongiloek hiriaren historia kontatuko diete txikienei harresian

2009/07/31 Ipuinak abuztuaren 5, 8, 22 eta 29an kontatuko dituzte goizez eta arratsaldez

Vitoria-Gasteiz, 2009ko uztailaren 31.- Abuztuan zehar, Vitoria-Gasteizko Erdi Aroko harresian, ipuin kontalari batek haurrei eta txikienei hiriaren historia kontatuko die modu jostagarri eta dibertigarrian. Saioak doakoak izango dira eta ipuinak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.

Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Era Integralean Biziberritzeko Agentziak, Santa Maria Katedrala Fundazioaren elkarlanarekin, abuztuaren 5ean ekimen berritzaile bat abiaraziko du; ekimen horren helburua txikienei hiriaren historia eta Erdi Aroko harresiaren historia irakastea da.

“Clowntacuentos” taldeak txotxongilo emanaldi dibertigarria egingo du: emanaldiek 45 minutu iraungo dute eta 4 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo dira, nahi duten guztiek bertaratzeko aukera badute ere. Erdi Aroan harresia eraiki zuten garaiko jantziz hezurmamitutako hamar bat pertsonaia erabiliz, Gasteizko herrixkaren historia kontatuko dute, herrixka nola zabaldu zen eta alde zaharra ixten zuen harresia nola eraiki zuten azalduz. Hori egin ahal izateko, hiru agertoki erabiliko dituzte eta bertan azalduko dira pertsonaiak, Herminia, Telo, pregoilaria, eraikitzaileak, sorgina edo bertako biztanleak, besteren artean.

Ipuin kontalaria harresien sarreran dagoen lorategian izango da, txikienak zelaian eroso eser daitezen, abuztuaren 5, 8, 22 eta 29an. Egun horietan bi saio izango dira, lehena 12:30ean gaztelaniaz eta bigarrena 18:00etan euskaraz.