11/08/2009
Vitoria-Gasteiz, 2009ko ekainaren
11.- Santa María Katedralaren elizpean abuztuan beste hiru
musika-errezitaldi izango ditugu, “Kontzertuan eta Irekita” programaren
barruan. Nazioarteko Musika Ikastaroko parte hartzaile batzuek, hala
nola BB Bikoteak, biola, harpa eta flautako hiruko batek eta ikastaroko
zenbait ikaslek osatutako talde batek emanaldia emango dute abuztuaren
12an, 15ean eta 22an hurrenez hurren. Kontzertuak doakoak izango dira,
baina gonbidapena hartu behar duzue.
“Kontzertuan eta
irekita” musika-zikloak, Santa María Katedrala Fundazioak
elizpera zenbait musika-jarduera ekartzeko antolatutakoak, ez du
oporretan itxiko. Ekimen honek dituen bi denboraldi hauetan
arrakasta handia lortu du, beraz aurtengo abuzturako ere zenbait
hitzordu programatu dira.
Lehenengo errezitaldia “Dialogo della musica
antica et bella moderna” liburuan oinarrituta dago; bihar abuztuaren
12an, asteazkenean, izango da. David Bellugik eta Ivano
Battistonek
osatu dute BB Bikotea,
eta publikoari Bach, Bartók eta Vivaldiren
zenbait lan eta Europako ekialdeko zenbait ohiko abesti eskainiko
dizkio. Akordeoitik eta flauta atseginetik ateratako melodien bidez,
antzinako musika, musika etnikoa eta era bitxian berrikusitako musika
garaikidea alderatuko dute.
Bellugi zenbait herritako orkestratan aritutako bakarlaria da, hogei
bat musika-lan grabatu ditu 1979tik eta irakasle da Florentziako Luigi
Cherubini Kontserbatorioan. Bere lankideak, kasu honetan
Ivano Battistonek, Italia, Frantzia edo Estatu Batuetako talde
garrantzitsuenetan lagundu du eta, konpositore moduan, 2003an
Erroman saria lortu zuen Concorso Internazionale di Composizione
Humoristica lehiaketan.
Larunbatean, hilaren 15ean,
Sophie Hallynckek,
Leo de Nevek eta Stefano Parrinok osatutako hirukote
interesgarriaren txanda da. Hallynck, jatorrizko herrian
musika-eremuan oso nahastuta dagoen Belgikako harpa-jotzailea da, “Les
amis de la harpe mosane” elkarteko presidentea da eta Namur eta
Ambereseko unibertsitateetan irakasle lanak egiten ditu.
Leo de Neve biolinista, bere aldetik, Ambereseko “deFilharmonie"ko eta
Bruselako "La Monnaje Opera"ko biola nagusia izan da. Halaber, String
Quarteteko eta Arpae Ensembleko kide da, irakasle da Ambereseko Goi
Kontserbatorioan eta eskolak ematen ditu Europako zenbait herrialdetan
eta Japonian. Hirugarren taldekidea, Stefano Parrino, flauta nagusia
izan da hainbat orkestratan eta zenbait zuzendari ospetsuren
zuzendaritzapean lan egin du, hala nola, Peter Stark, Lutz Koeler edo
Paolo Olmi zuzendariekin.
Santa María Katedralaren elizpean hirukoteak egingo duen kontzertuan,
Jacques Ibert, Maurice Ravel eta Claude Debussyren zenbait obra joko
dituzte
Amaitzeko, programako hirugarren
emanaldia hilaren 22an,
larunbata, izango da eta Nazioarteko
Musika Ikastaroan
parte hartu
duten zenbait ikasle izango ditugu. Ikastaroko hari-orkestrako kideak
igoko dira eszenatokira eta zenbait obra joko dituzte; ikastaroko
ikasle batzuek osatu dute hari-orkestra hori.
Berriz ere kontzertu hauek doakoak izango dira eta Katedraleko elizpean
egingo da arratsaldeko 20:00etan. Toki kopuru mugatua dagoenez,
errezitaldira etortzeko beharrezkoa izango da gonbidapenak Bisitarien
Harrera Zentroan (Buruileria Plazan) jasotzea.