07/09/2009
Vitoria-Gasteiz, 2009ko irailaren
7a.- Azken bi urteotan bezala, Santa Maria Katedrala
Fundazioak eta Goiena Mendi Taldeak ibilaldiak antolatu dituzte
Harrizko Bidetik. Ibilbideak Ajarte eta hiriburu arabarra lotzen ditu.
Trebiñuko herri horretako harrobitik atera ziren Gasteizko tenplua
eraikitzeko erabili ziren harri gehienak. Aurtengoan txangoak irailaren
19an eta 26an eta urriaren 3an egingo dira.
Santa Maria Katedrala ezin da bere ingurutik bereizitako lan bat bezala
ikusi. Tenpluak hainbat herritako harriak biltzen ditu, Ajarte, Elgeta
eta Olarizukoak, besteak beste, eta eremu horietan harrobien aztarnak
antzeman daitezke oraindik. Harri horiek atera eta eramateko, herriak
sortu ziren, baita bideak eraiki ere. Ajarte, adibidez, Trebiñuko herri
txiki bat da eta oso-oso biztanle gutxi ditu. Gasteizko Mendietatik
hurbil dagoenez, ikuspegi ederreko ingurua da, baina horrez gain,
aipatzekoa da ere handik atera direla Arabako eliza askotarako
erabilitako harriak, baita Gasteizko tenplukoak ere.
Hori dela eta, duela bi urte Santa Maria Fundazioa Katedralak bi gune
horiek lotzen dituen ibilaldi bat martxan jarri zuen. Bertan, bat
egiten dute katedralaren inguruko interes historiko eta artistikoak eta
inguruko paisaiak, eta modu berezian, historian zehar Gasteizko muinora
harriak ekartzeko erabili diren bideetan.
Aurtengoan ibilaldiak irailaren 19an eta 26an eta urriaren 3an egingo
dira. Jardunaldi bakoitzean autobus batek parte-hartzaileak Ajarteraino
eramango ditu eta bertatik 14 kilometroko ibilbide bati ekingo diote.
Naturaz gozatzeaz gain, ibilbideko inguru desberdinei buruzko azalpenak
entzuteko aukera izango dute.
Txangoa Ajartetik abiatuko da. Bertan parte-hartzaileek harrobi
zaharrak monumentuak zaharberritzeko meategi gisa nola erabiltzen ziren
ezagutuko dute. Ajarteko Muinoa eta Gasteizko mendien arteko
igarobidean geure ondare arkeologiko eta historiko diren harrobi
zaharretako hutsuneak ikusiko dituzte. Puntu honetan, azpimarratzekoa
da gune horien balio naturala, izan ere, iparraldean pagadi itzaltsuak
ikus daitezke, hegoaldean, aldiz, ameztiak, erkameztiak eta artadiak
daude.
Olarizuko eremuan, berriz, Kutzemendiko kastroan Araban gizakiaren
presentziaren lekukotzarik zaharrenetako baten aztarnak daude. Horrez
gain, aipatzekoa da ere Larreko Etxea, probintziarekin abere-bideen
bitartez lotura gehien duen tokia, gaur egun aisialdirako eremu bikain
bilakatu dena.
Amaieratik hurbil, Mendiolan, parte-hartzaileek Andre Mariaren
Jasokundearen eliza ikusiko dute. XVI eta XVII. mendeetan eraikitako
tenplu interesgarri hau estilo errenazentista berantiarrekoa da eta
gurutze latindarreko oin-planoa du. Azpimarragarria da bere aurrealdeko
ateburua. Ibilbidea Gasteizko Santa Maria Katedralean eta hiriko
harresian bukatuko da. Horrez gain, irailaren 19an eta urriaren 3an
ibilbide osoan parte hartzen dutenek Gasteizko tenplua dohainik
bisitatu ahalko dute.
Ekimen honetan parte hartu nahi izanez gero, Katedralaren
Bisitarientzako Harrera Zentroan edo 945 255 135 telefono zenbakira
deituz egin behar da erreserba. Txango bakoitza 5 € izango da,
Katedralaren Fundatzaileen Elkarteko kideentzat izan ezik, horientzat
dohainik izango baita. Jardunaldi bakoitzean 45 plaza egongo dira
eskuragarri.
Halaber, Hirigunean asteburu osoan Erdi Aroko Azoka egingo dela eta,
irailaren 26an Ajartetik harria nola ekartzen zen gogoratuko da.
Horretarako, eguerdiko 12:00etatik aurrera idi-gurdi bat Mendiolatik
abiatuko da eta Aihotz Plazaraino joango da harri-bloke batzuk
herrestatuz. Oso ekitaldi interesgarria izango da egun horretan
hirigunea bisitatuko duten milaka pertsonentzako.