Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

17/09/2009

Santa Maria Katedrala Musika Kapera berreskuratu du eta bi kontzertu antolatu ditu kapera hori abian jartzeko

2009/09/17 Helburua elizan dagoen musika-ondarea berreskuratzea eta hori dagokion balioa ematea da.Carlos Menak bihar Santa Maria Kapera zuzenduko du; musikari ospetsu batzuek osatzen dute talde hori; larunbatean Ensemble SINKRO izango da protagonista

Vitoria-Gasteiz, 2009ko irailaren 17a.- Santa María Katedralean bi kontzertu oso berezi izango ditugu bihar eta larunbatean. Carlos Menak bihar Santa Maria Kapera zuzenduko du; musikari ospetsu batzuek osatzen dute talde hori; larunbatean Ensemble SINKRO izango da protagonista. Errezitaldi bi horiek Santa María Musika Kapera berreskuratzeko abiapuntua izango dira; erakunde horrek musika-ondarea berreskuratzea sustatzen du.

Proiektu hau jaio egin da Gotzaintzaren sustapenari eta Santa Maria Katedrala Fundazioko Patronatuaren gainontzeko kideen eta Caja Vital Kutxaren babesari esker; proiektu honen bidez Gasteizko eliza horretan dugun musika-ondarea berreskuratu eta ondare horri dagokion balioa eman nahi zaio. Gainera, musika ekoizteko eta sortzeko eremu bat sustatu nahi dugu. Katedraletako Musika Kaperen ideia berreskuratu nahi dugu; egitura horiek elizetan ziren eta musika erabiltzen zuten pastoral erreminta gisa. Gasteizko elizaren kasuan, Kapera ez da desagertu, Rafael Mendialdua kalonjea da gaur egun Kapera horren Maisua, baina ez du kaperaren jarduerarekin jarraitu.

Mendebaldeko Europako herri guztietan, eta historiako aldi luze batez, katedralek oinarrizko lana bultzatu dute euren hirietako jarduera kulturala garatzeko. Eta Musika Kaperei esker, aurreko musika-ondarea gordetzeko eta egunean jartzeko aukera izan dugu. Kapera horietako Maisuen lana, kaperako musikariak zuzentzeaz gain, batez ere obra berriak sortzea zen; obra horiek, garai bakoitzeko gustuen eta ohituren arabera, betidanik interpretatzen ziren obren ordez agertu ziren.

Gasteiz ez zen salbuespen izan nahiz eta Santa Maria eliza 1862. urtera arte apezpiku-egoitza ez izan, kolegio-eliza izateari esker lortu zuen inguruko katedral batzuen ezaugarri asko izatea; dena dela, baliabide ekonomiko gutxi zituenez, ezin izan zituen ezaugarri horiek behar bezala garatu. Horrela bada, adibidez, 1657tik 1671era arte Miguel de Irizar Gasteizko kolegio-elizako kaperako maisu izan zen; garai horretako polifonista bikainetako bat zen. 1770etik 1815era arte beste musikari garrantzitsu bat, Pedro Antonio Ortiz de Landaluce, izan zen kaperaren zuzendaria.

Kaperaren helburuak

Kontzeptu horretatik abiatuta, irudi hori berreskuratu nahi dugu Santa Maria Katedraleko entitate egonkor moduan, eta horren barruan bere tokia izango dute gaur egun kanpoan lan egiten duten baina hemengoak diren goi-goi mailako musikariek. Berreskuratze horrekin musika-funtsak katalogatu nahi ditugu eta musika-jarduerarako elizaren artxiboan dagoen ondare historiko osoa berreskuratu nahi dugu. Halaber, musika-ondare berri bat osatu nahi dugu, eta baita jendearen esku jarri ere ondare hori interpretatuz eta zabalduz.

Proiektu honen abiapuntua kalitate bikaineko bi kontzertu izango dira. Kontzertu horiek bihar, ostirala, eta larunbatean izango dira Katedralean, zapaltzeko moduko zorua duen nabearen atalean. Lehenengo kontzertuaren protagonista Santa Maria Kapera izango da; Carlos Mena ospetsuak zuzendutako eta honetarako bereziki sortutako taldea da. Mundu mailan ibilbide bikaina duten zenbait musikarik osatu dute taldea eta Henry Purcell konpositore ingelesaren jaiotzaren 350. urteurrena gogorarazteko programa ekarriko digute. Kontzertua arratsaldeko 8:00etan hasiko da eta sarrerek 6 euroko prezioa izango dute (2 euroko prezioa Katedralaren Fundatzaileen Elkarteko kideentzat). Sarrera horiek Bisitarientzako Harrera Zentroan hartu behar dituzue. Gainera, eta bazkideei emandako laguntzagatik eskerrak emateko, taldeak egingo duen entsegu orokorrera doan joateko aukera emango diegu. Entsegu orokor hori ostiralean goizeko 11:00etan izango da.

Larunbatean, arratsaldeko 8:00etatik aurrera, Ensemble SINKROk XX. mendeko musikari eskainitako errezitaldia emango du. Ensemble SINKROk Arabako hiriburuko Jesus Guridi Kontserbatorioarekin lotura zuzena du eta Europan aitzindari da teknika elektroakustikoei eta instrumentu-teknikei dagokionean. Mundu mailako estreinaldia izango da eta ahalik probetxu handiena aterako diete eremu honek dituen aukera akustikoei. Sarrerek prezio berdina izango dute eta Bisitarientzako Harrera Zentroan hartu beharko dituzue. Errezitaldi hauekin lortzen den dirua Katedraleko organoa zaharberritzeko erabiliko dugu.