2009/10/15 Fundazioko zenbait kide, katedralen zaharberrikuntzan aditu diren Europa osoko zenbait teknikarirekin bildu dira.
Vitoria- Gasteiz, 2009ko urriaren 15a.-Santa Maria Katedrala Fundazioko zenbait arkitekto Alemanian daude dorrean egiten ari diren zaharberritze-lanak aurkezten. Europako katedralak zaintzeari buruz Aachen-en egiten ari dituzten jardunaldi batzuen eremuan, Gasteiz han dago berriz eta Santa Mariaren proiektu bitxia zabalduko du. Katedralaren zaintzari buruzko adituek euren lan metodoak azaldu egin dituzte, eta horretarako Aachen-eko katedralaren palatina kapera aukeratu da; VIII. mendean, Carlo Magnoren garaian, eraikitako leku ezaguna dugu hori. Katedraletako eta Elizetako Arkitektoen Europako Elkarteak antolatu egin ditu Katedralak Zaintzeko eta Zaharberritzeko Jardunaldiak; Gasteizko katedrala, Alemaniako ia guztiekin batera, Elkarte horretan sartuta dago. Gainera, Suitza, Austria, Txekia, Polonia, Frantzia eta Bretainia Handiko katedral anitz ere sartu dira aipatutako elkartean. Gasteiz talde horretan dagoen spainiako hiri bakarra da; dena dela, kongresu honetan Toledok ere parte hartu du, Aachen-ekin senidetuta baitago. Astebetez taldeak bertako katedrala zaharberritzeko proiektua ezagutuko du, besteak beste, eta baita Europako elizen antolaketa eta kudeaketa modua ere, bai zaharberritzeko prozesuan diren elizena, bai zaintza hutsari dagokionez. Gasteizek lau aldiz parte hartu du jardunaldi hauetan. Iaz Bernan (Suitza) Santa Maria Katedrala Fundazioko ordezkari batzuek ponentzia bat eman zuten eta azaldu zuten nola finkatu dituzten erdi aroko elizaren zutabeak karezko injekzioen bidez. Oraingoan dorrearen zaharberrikuntzari buruz hitz egingo dute; lan horietan kapitela eta gorputz oktogonalaren zaharberrikuntza izan da jarduera nagusietako bat. Goiko erremate osoa amaitzear dago, eta horri esker aldamio guztiak kendu ahal izango dira. Dorrearen bikaintasuna, gainera, proiektuaren filosofiaren agerpen onenetarikoa da, arkitektura-mugak gainditu direlako, erakusketetarako, turismoko, kulturako eta historiako erabilera eremuak sartu direlako eta , orokorrean, erlijio-eremu bati erabilera zibila eman zaiolako.