Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

25/11/2009

Santa Maria Katedralak bere webgunea birdiseinatu, eta modernoagoa, praktikoagoa eta parte-hartzaileagoa egin du

2009/11/25 Ibilaldi birtualen bidez, berritu aurretik, bitartean eta ondoren, eta pantaila osoan, bisita daitezke Katedraleko txoko guztiak. Atal berri batetik, mediatekatik, zaharberritze-prozesuaren baliabide grafiko eguneratuak (argazkiak, bideoak edo animazioak) deskarga daitezke.  Haurrek bere atala izango dute webgunean, Katedralia.

             Gasteiz, 2009ko azaroaren 25a.- Santa Maria Katedralak bere webgunea berritu du; modernoagoa, praktikoagoa eta parte-hartzaileagoa egiteko. Gasteizko tenplua berreskuratzeko prozesua ezagutzea erraztu nahi da diseinua, edukiak eta helburuak aldatuta. Ez hori bakarrik, herritarren parte hartzea ere bultzatu nahi da kanal honen bidez.  
            Duela bederatzi urte abiarazi zenetik, Katedralaren webguneak (www.catedralvitoria.com) filosofia, helburuak, diseinua eta edukiak garatu ditu. Webgune berriak erabilgarriagoa, praktikoagoa eta intuitiboagoa izan nahi du bertan nabiga dezaketen erabiltzaile guztientzat. Hori dela eta, hainbat erabiltzaile mota izan dira buruan, hala nola zaharberritze-profesionalak, katedraleko bisitariak, artezaleak eta haurrak.  Halaber, tenplua zaharberritzeko prozesuan sortutako eduki berriak lasterrago islatuko dira; izan ere, hemendik aurrera, Santa Maria Katedrala Fundazioak kudeatuko baititu edukiak zuzenean. Logikoa denez, proiektuarekin lotutako informazio guztia, Plan Gidatzailea, Katedralaren historia eta hura kudeatzen duen Fundazioaren informazio guztia mantenduko da.    
Beste berrikuntza aipagarri bat da, webgunearen bidez, Katedralera hurbiltzen den publikoarekin elkar eragin daitekeela, bloga eta fotobloga tresna interaktiboak erabiliz. Bi tresna berri horien bitartez, herritarrek proiektuari buruz, egindako ekintzei buruz, bisitaldiei buruz edo interes dakieken beste edozein gairi buruz duten iritzia ezagutu nahi da. Fotoblogak, gainera, beren argazkiak bidaltzeko aukera eskaintzen die Katedraleko bisitariei; ondoren, webgunean zintzilikatzeko. Parte hartzera bultzatzeko, 'Nire eta Ken Folleten argazkia' atala estreinatuko da fotoblogan eta idazle ezagunaren eskulturarekin ateratako argazkiak bidaltzeko eskatuko zaie bisitariei. 
 Era berean, ezintasunen bat duten erabiltzaileentzako webgune erabilerraza egiteko eta W3C partzuergoaren 1.0 Web Edukietarako Erabilerraztasun Arauen A-bikoitza betetzeko aprobetxatu da aldaketa.  
 
 
Eduki berriak  

            
Diseinuari dagokionez, webgune berria erabat berritu da grafikoki eta arreta berezia jarri da intuitiboki nabigatzea errazteko. Gainera, hasierako orrialdea ia erabat alda daiteke, uneoro nabarmendu nahi diren edukietara egokitzeko.  
Edukien garapenari dagokienez, berriz, dagoeneko sortutako atalak hobetu dira. Adibidez, tenpluko eta Erdi Aroko harresiko bisitaldi gidatuak erreserbatzeko aukera edo bisita birtualak. Hemendik aurrera, Katedralaren txoko guztietan zehar, pantaila osoan eta xehetasun maila altuarekin egin ahal izango dira ibilbide birtualak. Aipatzekoa ere bada, gune guztietan zehar ibiltzeaz gainera, denboran zehar ere ibil daitekeela, urteetan lanak zenbat aurreratu diren egiaztatzeko.
         Atal berrien artean, mediateka atala nabarmentzen da. Dataren arabera antolatutako zaharberritze-prozesuko argazki eguneratuak, antolatutako kultur ekintzak, infografiak, bideoak eta argitalpenak deskarga daitezke. Mezenasei eskainitako atal berri bat ere izango da. Santa Maria Katedrala Fundazioak abiarazitako menezasgo programei eta laguntza-programei buruzko informazio lor daiteke bertan. Halaber, ekarpenak egin eta diru-laguntzak ere eman daitezke.
Gaztetxoenak gogoan hartuta, Katedralia sortu da. Oraindik ere lantzen ari den atala bada ere, une honetan ebakigarriak eta margotzeko marrazkiak deskarga daitezke bertatik.