Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

17/03/2010

Kristoren Kapera gehitu du Santa Maria Katedralak bisita gidatuetara

2010/03/17 Martxoaren 19tik aurrera, San Jose egunetik aurrera bisita daiteke.Gobernu Zentralaren ekonomia aktibatzeko E- Planak finantziatu du oso- osorik, 365.00 euro, zaharberritzea.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 17a.- Santa Maria Katedraleko bisita gidatuek erakargarri berria izango dute bihartik aurrera. Zaharberritu ostean, Kristoren Kapera ostiralean jarriko da ikusgai.  XVII. mendeko kapera da eta tenpluaren erdiko nabearen alboan dago. Fundazioko talde teknikoak zuzendu du proiektua eta lanen teknika eta, ia 365.000 euroko inbertsioa, oso-osorik Gobernu Zentralak ekonomia aktibatzeko martxan jarritako E Planak finantzatu du, Gasteizko Udalaren bitartez. Hark hautatu baitzuen proiektua beste berrogeita hamarren batekin batera.

Galarreta familiak eraiki zuen XVII. mendean Kristoren Kapera. Oinplano oktogonaleko lekua da eta Katedralaren iparraldeko nabearen alboan kokatuta dago. Eraikitzerakoan, Martin Galarreta jaunak Flandestik bidali zuen diseinua eta Pedro Ameztiko eta Juan Ansola Ibaiguren harginek gauzatu zuten, 1661etik 1663ra. Elgeako mendilerroko hareharriz egin zen kanpoaldea eta barrualdea, berriz, kareharri zurizko harlanduz eraikita dago; Andako kareharri zuri eta beltzarekin osatutako dama-jokoko taularen zoladura du.  

Zaharberritzeko unean, geuregana iritsitakoa ahalik eta gutxien hondatzeko printzipioa hartu da aintzat, beraz, materiala garbitzera eta horiek ahalik eta gutxien ordezkatzera mugatu dira lanak. Materialak ordeztu beste aukerarik egon ez denean, jatorrizko eraikuntzan erabilitako material eta teknikak berak erabili dira, hau da, orain arteko zaharberritze-irizpide mantendu da.
 

Egindako lana

 
Zaharberritzen hasi aurretik, teilazko estalkia desmuntatu zenean, kanpoaldetik ikusteko XVII. mendeko kupula bat bazela eta XVIII. mendean ezkutuan geratu zela jakin zen.  Garai hartan linterna batek (zenbait eraikinetan azken ukitu gisa jartzen den dorre txikia) errematatzen zuen eta kaperaren barrualdea argitzen zuen. Aurkikuntzaren ostean, proiektuaren xedea birplanteatu zen, aurkitutako eraikin-aztarnetan oinarrituta jatorrizko linterna berregiteko.  
 
Zortzi hilabetez luzatu dira lanak eta ekialdeko fatxada finkatzeko ere balio izan dute, XX. mendean izandako sute batek oso kaltetuta utzi baitzuen. Era berean, porlan-morterozko junturak kare-morterozko berriengatik ordeztu dira eta urak ateratzekoa egin da kaperaren eta katedralaren arteko txokoan.
 
Barrualdean, harlanduak garbitzeaz eta junturak ordezteaz gainera, bataio-harria, ezkutua, Galarreta inskripzioa eta sartzeko burdinazko hesia  zaharberritu dira. 
 
Gobernu zentralari aurkeztutako lanen artean sartu zuen proiektu hau Gasteizko Udalak, ekonomia aktibatzeko E Planaren finantzazio-markoan sartzeko; halaxe proposatu baitzion Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Era Integralean Biziberritzeko Agentziak. Tenpluko interes kultural handienetako elementu batean esku hartzeko aukera gisa aurkeztu zen Kristo Santuaren Kaperaren zaharberritzea. Leku berezia da: kronologiari eta arkitekturari dagokionez, gainerako eraikuntzatik bereizten da (Flandesko arkitektura barrokoaren adibide paregabea da) eta, bataiotegi gisa erabiltzean, Gotzainen kripta berriaren osagarri da. Kripta horren behealdea dagoneko gaitu du Fundazioak.

 
Ondasun higigarria

 
Jatorriz, kaperan jarritako ondasun higigarrian, Kristo hilari buruzko erosta koadroa da aipagarriena. Gaspar de Crayer margolari flandestarrarena dela esaten da eta uste da 1663. urtean jarri zela. Katedralaren barnean hainbat lekutan kokatu ostean, gaur egun, Arte Sakratuaren Elizbarrutiko Museoan dago ikusgai. Halaber, dimentsio handiko Kristo Gurutziltzatuaren irudia ere nabarmentzekoa da. Uste da XVI. mendearen bigarren erdian egin zela eta, noiz aldatu zen oso zehatz ezagutzen ez bada ere, iparraldeko gurutzadurara lekualdatu zen. Gainera, kapera honetakoak ziren: Kristoren erretaula berria, 1775. urtekoa da eta, gaur egun, ezkutua besterik ez da geratzen; Lignum Crucis erlikia-ontzia, 1672. urteko pieza da eta, orain, katedralaren sakristian dago; Kristoren hobiratzea koadroa, Caravaggio margolariaren izen handiko koadro baten kopia da; zilarrezko pieza batzuk eta ospakizunetan erabiltzeko eliz jantzi sakratu batzuk. Gaur egun, tenplua zaharberritzeko lanak direla eta, aipatu artelanetatik  Lignum Crucis erlikia-ontzia besterik ez dago Santa Maria Katedralean; baina, etorkizunean, artelan horiek tenpluan berriro jartzea aurreikusita dago.