Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

            Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 30a.- Aste Santuan, bisiten ordutegia zabalduko du Santa Maria Katedralak, eta sei talde gehiago eskainiko ditu egunero. Horrela, eskaera guztiak bete eta aldez aurretik erreserbarik egin gabeko bisitariei bisitatzeko aukera eskaini nahi zaie. Gainera, 'Argiaren elizpea', elizpeko polikromien ikuskizuna, berriro hasiko da proiektatzen ostegunean.
Urtero bezala, Aste Santuko oporrekin batera, Santa Maria Katedrala ikustera etorriko diren bisitarien kopurua nabarmen igoko da. Eskaerari aurre egiteko, ordutegia zabaldu eta eskainitako bisiten kopurua handituko du Gasteizko tenpluak.    Irekitzeko ordutegia zabaltzea izango da berritasun nagusia. Beraz, tenplua irekita egongo da 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Pazko-astera eta apirileko astebukaeretara hedatuko da ordutegi hori. Maiatzaren 1etik aurrera, eguneroko ordutegia itzuliko da. Halaber, gidatutako bisiten kopurua ahalik eta gehien handituko da. Horrela, ordu eta erdiko ibilbide gidatu klasikoak sei talde gehiago izango ditu apirilaren 1etik 5era.   
          Gainera, tenplua bere osotasunean ezagutzeko astirik ez duten edo ohiko ibilbideetan lekurik lortu ez duten horiengan pentsatuta, bisitatzeko modu berria eskainiko da. Bisita gidatuaren ibilbidea ordu erdikoa izango da eta elizpea eta katedralaren erdiko nabea bakarrik azalduko dira. Goizez, bi talde izango dira eta, arratsaldez, beste bi. 2 euroko prezioa izango du.    Bisiten eskaintza osatzeko, 'Argiaren elizpea' proiekzioa berriro martxan jarriko da. Argien, kolorearen eta soinuaren ikuskizun bat da eta historian elizpeak izandako itxurak ezagutzeko aukera eskaintzen du. Arratsaldeko azkeneko bisitan jarriko da proiekzioa eta, Aste Santua igaro ostean, bisitaren prezio bera mantenduko du, 5 euro.      Berritasun gisa, eta elizpeak edukiera handiagoa duenez, egun horretan tenpluan bisita gidatua egin duen edonori polikromien proiekziora joateko aukera eskainiko zaio euro bat ordainduta. Gainera, polikromien ikuskizunera soilik joateko aukera ere eskaintzen da 2 euroren truke.   Era berean, Erdi Aroko harresiak ohiko bisita gidatuak mantenduko ditu Aste Santuan: 12:00etan, 13:15etan eta 18:00etan, eta 2 euroko prezioa izango dute. Alabaina, ateak irekita egongo dira 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara, nahi duen orok, doan eta erreserbarik egin gabe, bisita dezan.   Ordutegiei, taldeei, bisitei eta erreserbei buruzko informazio gehiagorako: Hurbildu Bisitariak Hartzeko Zentrora (Burulleria plaza). Deitu 945 255 135 telefonora edo sartu www.catedralvitoria.com helbidean.