Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

21/04/2010

Elizpearen zaharberritzeari buruzko argitalpena editatu du Santa Maria Katedralak

2010/04/21 Ezagutzaren Apunteak bilduma inauguratuko du. Bilduma horrekin tenplua zaharberritzean lortutako ezagutza guztiak partekatu nahi dira

            Vitoria-Gasteiz, 2010eko apirilaren 21a. - 'Estudios y restauración del pórtico' ('Ikerketak eta elizpearen zaharberritzea') argitalpena aurkeztu du gaur Santa Maria Katedralak. Gune hori erabat zaharberritu arte, urteetan egindako lan-prozesu sakona biltzen da liburuan. Liburu horrekin, gainera, Ezagutzaren Apunteak inauguratuko da. Tenplua zaharberritzeko prozesuan lortutako ezagutzak partekatzeko argitalpen-bilduma.

Diana Pardo, Mercedes Cortazar eta Dolores Sanz zaharberritzaileak dira ikerketa sakon honen egileak eta helburu du ia zazpi mendez elizpeak galdutako distira berreskuratzeko urteetako lana publikoari helaraztea. Egindako ikerketek argitu dutenez, Santa Maria Katedralaren elizpea pintatuta egon zen XIV. mendetik 60ko hamarkadara arte. Garai horretan, katedrala, eta horrekin batera elizpea, momentuko gustura zaharberritu zen eta, zoritxarrez, oraindik ere kontserbatzen ziren pintura arrastoak ezabatu ziren.
 
2003. eta 2004. urteen artean, zaharberritzaile-talde profesional batek 18 hilabetez ikertu zuen elizpea eta, ondoren, multzoa kontserbatu eta zaharberritu zen. Ikerketa aldian, 3.000 lagin baino gehiago hartu ziren eta dokumentazio osatu batekin lotu zen. Emaitza gisa polikromien korrespondentzia-karta lortu zen. Horrela, elizpearen pintura-garapena ezagutu ahal izan da. Horri esker, 15 esku-hartze arte identifikatu ziren. Batzuk orokorrak izan ziren eta elizpearen itxura aldatu zuten; beste batzuk, berriz, zati batzuei soilik eragin zien. Ikerketaren ondorioek agerian jarri dute harrizko elementuei kolorea ezartzea lana bukatzeko ezinbesteko prozesutzat jo zela hainbat mendetan.
 
Iaztik, berriz ere ikus daiteke elizpeko harlanduaren pintura-akabera, 'Argiaren elizpea' ikuskizunari esker. Argizko eta soinuzko ikuskizun horrekin, Paternina kapera polikromatua ezagutu daiteke, historian zehar itxura aldatu zuen hiru unetan.

 Ezagutzaren apunteak
 
Sortutako informazio oro 'Estudios y restauración del pórtico' liburuan bildu da. Batez ere, publiko espezializatuari zuzendutako argitalpena da eta zehatz deskribatzen du ikerketaren eta elizpearen zaharberritzearen prozesu osoa. Ataria penintsulako XIV. mendeko gotikoaren harribitxietako bat da.

Gainera, Ezagutzaren Apunteak bilduma inauguratuko da liburuarekin. Santa Maria Katedralaren zaharberritze-lanetan izandako esperientzietatik elikatuta sortu da bilduma, horiekin lortutako irakaspenak partekatzeko eta gizarteratzeko asmoz. Izan ere, hamar urte baino gehiagoz, hainbat espezialitateko teknikarien eta profesionalen talde bat katedrala ikertzen eta aztertzen aritu da hainbat jakintza-alorretan, katedralaren errealitate materiala, garapen historikoa eta konstruktiboa zehazteko eta ikuspegi integral batetik birgaitzeko.
 
Halaber, datorren maiatzaren 3an, Goiuri Jauregian, izenburu bereko hitzaldia egingo da eta egileek publikoaren aurrean aurkeztuko dute argitalpena. Iluntzeko 20:00etan hasiko da eta doakoa izango da lekua bete arte.