Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

11/05/2010

Santa Maria Katedralak eliz antzerkia berreskuratuko du Ortzai Antzerki Laborategiaren eskutik

2010/05/11 Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Era Integralean Biziberritzeko Agentziarekin lankidetzan, 'Becket edo Jainkoaren ohorea' antzeztuko da.

                  Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 11.- Santa Maria Katedralaren erdiko nabea izango da 'Becket edo Jainkoaren ohorea' antzezpenaren eszenatokia maiatzaren 20an eta 21ean. Eliz antzerkiaren tradizioa berreskuratu nahi da drama-lan horrekin. Ortzai Antzerki Laborategiaren eskutik, eta Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Era Integralean Biziberritzeko Agentziarekin lankidetzan, Jean Anouilh-en, Europako antzerki-gizon garrantzitsuenaren, lanaz gozatu ahal izango da. Sarrerak bihar, asteazkena, jarriko dira salgai Santa Maria Katedralaren dendan (Eskola kalea, 11). 3 euroko prezioa izango dute, 1 eurokoa Katedraleko Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzat.Iker Ortiz de Zarateren zuzendaritzapean, zuzendariak berak eta Javier Martinez aktoreak antzeztuko dituzte Becketen eta Henrike erregearen paperak, hurrenez hurren. Halaber, antzezlanean parte hartuko dute, besteak beste, Teresa Ibañez (Ama Erregina), Saioa Mendrano (Eleonor Erregina), Eduardo Suso (Londresko Gotzaina), Patricia Lopez Arnaiz (Gwendoline), Mirena Nafarrete (Basoko Gaztea), Sara Kiteber (Marie) eta Mariano Alvarez (John Anaia) aktoreek.

Thomas Becket Santuaren, Ingalaterrako Kantzelariaren eta Henrike II.a erregearen lagun minaren, bizitza kontatzen da 'Becket edo Jainkoaren ohorea' antzezlanean. Ingalaterrako Artzapezpiku izendatu zuen erregeak Becket.  Thomas Becket heldu ezinezko arima da, bere buruaren bila dabilena. Normandiako okupazio-indarrekin kolaboratutakoen semea zen eta lurreko plazeretan nahasita ibili zen. Ondorioz, Thomasek ez zuen bere bidea eta bere ohorea aurkitzerik izan.

Abenturen eta txangoen bidaide zenez, Henrike II.ak uste osoa du Becketek, Artzapezpiku Lehenetsi berri gisa, Ingalaterrako Eliza Katolikoa koroaren apeten eta beharren menpe jarriko zuela. Baina, Artzapezpiku izendatu ostean, Thomas Becketek inoiz lortzea espero ez zuen erdietsi zuen: Jainkoaren Ohorea. Egoera berri horren aurrean, bere indar guztiekin aurre egin zion koroaren aldi baterako botereari. Bere bizia eman arte defendatu zuen Ingalaterrako Eliza. Erregeari aurka egiteagatik hil zuten Catenrbury-ko katedralean erregearen lau baroiek 1170. urteko abenduaren 29an.

Jean Anouilh da egilea. Parisen bizi ziren guraso frantses-euskaldunen semea zen eta Europako eta Frantziako antzerki-gizon garrantzitsuenetako bat da. 1929an idatzi zuen lehen obra eta, 1937an, lehen arrakasta handia lortu zuen: 'Ekipajerik gabeko bidaiaria'. Lanik ezagunena, 'Antigona', 1942an idatzi zen. 1959an idatzi zuen 'Becket edo Jainkoaren ohorea' lana Anouilhek eta testuak berehalako arrakasta lortu zuen eszenatokietan. Peter Glenville zuzendariak zinemara eraman zuen eta Peter O'Toole eta Richard Burton jarri zituen Henrike Erregearen eta Thomas Becketen paper nagusiak antzezten.

Testu horrekin eta bere antzezlanarekin estreinatuko da Ortzai Antzerki Laborategiaren Eliz Antzerki Tailerra. Proiektua martxan jarriko duen zuzendariak, duela urte asko, Kent-eko Unibertsitatean aurkeztu zuen lan horren azterketa teorikoa. Becket hautatzerakoan, testuaren edertasunak eragina izan badu ere, kontuan hartu da, antzerkiari dagokionean ere, aipatu tailerrak dituen jardueren helburuekin bat egiten duela: transzendentziari buruzko hausnarketa, espiritualitatearekin duen lotura hautsezina eta fedearen hainbat bizipen, konfesionalak izan ala ez. Protagonisten historia pertsonal hunkigarriez gainera, gizakiak Jainkoaren aurrean ardura sentitzen duenean jasaten duen eraldaketa sakona kontatzen du. Muntaiak, halaber, ikusleak mugiaraztea eta axolagabetasuna saihestea bilatuko du, batzuetan, hausnarketa pertsonal batera ere eramanaz.