Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

31/05/2010

Luis Aramburu Eskolako ikasleak eta Giraluna dantza-konpainia izango dira asteko protagonistak Santa Maria Katedralean

2010/05/31 Katedralaren dendan (Eskola kalea, 11) jaso daitezke bi emanaldietarako gonbidapenak eta sarrerak.

                    Vitoria-Gasteiz, 2010eko maiatzaren 31.- Aste honetan, jarduera artistiko handia izango du Santa Maria Katedralak. Ostegunean, ekainaren 3an, hiriko Luis Aramburu Musika Eskolako ikasleen ikasturtearen amaierako azken entzunaldiaren eszenatokia izango da; eta, larunbatean, dantza eta poesia ikuskizun harrigarria eskainiko du Giraluna konpainiak.
 
Azken urteetan ohikoa denez, ikasturtearen amaiera dela eta, bere ikasleen emanaldia emango du Luis Aramburu Musika Eskolak tenplu gotikoan. Oraingo honetan, ataria utzi eta erdiko nabera lekualdatuko da kontzertua. Ondorioz, publiko gehiago hartu ahal izango da. Ostegunean, ekainaren 3an, iluntzeko 19:15etan izango da errezitaldia. Doakoa izango da, baina gonbidapenak jaso behar dira Katedralaren dendan (Eskola kalea, 11). Gaur eta bihar Fundatzaileen Zirkuluko bazkideek jaso ahal izango dituzte eta gainerako publikoak, berriz, asteazkenean eta ostegunean, kontzertuaren egun berean, jaso ahal izango ditu.

Katedraleko asteko kultura-programazioa larunbatean osatuko da, 'Giraluna' dantza eta poesia konpainiak emango duen ikuskizun harrigarriarekin. 'Maitasuna Katedralean' izenburupean, maitasunari buruzko ikuskizun baten eszenatoki izango da ataria, oraingo honetan. Genesiko lehen eta bigarren kontaketari buruzko aurrerapen batekin hasiko da, gaur egun ezagutzen dugun maitasunaren hasiera bibliko gisa hartzen dena. Abiapuntu horretatik, sentimendu horri aurre egiteko moduari buruz hausnarraraziko dio publikoari poesiak, maitasunaren gainean dituen ikuspegietatik.

Iluntzeko 20:00etan hasiko da emanaldia eta 1 euroko prezioa izango du Fundatzaileen Zirkuluko bazkideen sarrerak, eta 3 eurokoa bazkide ez direnenak. Beti bezala, bazkideek izango dute sarrerak erosteko lehentasuna gaur, astelehenean, eta bihar, asteartean. Gainerako publikoarentzako sarrerak, berriz, asteazkenetik aurrera jarriko dira salgai.