Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

05/07/2010

Europako musika espiritualezko hiru kontzerturekin ospatuko du Done Jakueren urtea Santa Maria Katedralak

2010/07/05 Kultura Ospakizunen Estatuko Elkartearekin (SECC, Sociedad Estatal de Conmemoraciones Culturales) lankidetzan antolatutako zikloa da.  

          Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 5a.- Uztailean, Done Jakueren urtea ospatuko du Santa Maria Katedralak. Horretarako, eta Kultura Ospakizunen Estatuko Elkartearekin (SECC, Sociedad Estatal de Conmemoraciones Culturales) lankidetzan, hiru kontzertu eskainiko ditu Europako musika espiritualarekin gozarazteko. Lehena, larunbatean, uztailaren 10ean, 20:00etan izango da Speculum taldearen eskutik.
 
'Xacobeo 2010' zikloan kokatuta, Katedralaren erdiko nabeak hiru errezitaldi hartuko ditu. Europako musika espiritualak eta profanoak entzungo dira, Done Jakue Bidea kontinenteko kulturek bat egiten duten lekua dela aldarrikatzeko. Halaber, Finisterrerantz Europa guztitik abiatzen den bidaiaren hainbat garai historikori buruzko lanak ere aurkezten ditu musika-programa honek.
 
Uztailaren 10ean egingo da lehen errezitaldia, Speculum talde espainiarraren eskutik. 'Misa Peregrina. La Puerta del Paraiso' programa aurkeztuko du zortzi musikarik, lau ahotsek eta lau instrumentu-jolek osatutako talde horrek. Llibre Vermell (XIV. mendea), Teobaldo de Navarra (XIII. mendea), Francesco Landini (XIV. mendea) eta Paolo da Firenze (XV. mendea) artisten lanak joko dira.

Datorren asteazkenean, ekainaren 7an, jarriko dira sarrerak salgai eta 3 euro kostako dira. Katedraleko dendan (Eskola kalea, 11) soilik erosi ahal izango dira goizeko 10:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 20:00etara.
 
Aurrez, gaur eta bihar, eskuratu ahal izango dituzte Katedraleko Fundatzaileen Zirkuluko bazkideek beren sarrerak. Talde horrek 1 euroren truke eskuratuko ditu sarrerak.
 
Astebete geroago, uztailaren 17an, Odhecaton Italiako taldearen txanda izango da. Paolo Da Col zuzendariaren aginduetara, Guillaume Dufay konposatzailearen (1400-1474) 'Misa Sancti Jacobi' interpretatuko dute zortzi gizon-ahotsek. Errenazimenduko polifoniaren munduan sarrera iraultzailea egin duen ahots-taldea da Odhecaton. Lau urtean, gutxi gorabehera, sari garrantzitsuenak jaso ditu argitaratutako hiru diskoetako bakoitzak, baita Europako hainbat herrialdeetako kritika onenak ere.
 
Azkenik, uztailaren 24an, errezitaldi batez gozatzeko parada izango da Galiziako Ars Combinatoria taldearekin. Canco Lopez zuzendariaren agindupean, 'Danzas y Cantigas Medievales' programa prestatu dute lau emakume- eta zazpi gizon-ahotsekin. Gainera, fidula eta zabarrete instrumentuek lagunduko diete (Codex Calixtinus, Codice de las Huelgas eta Llibre Vermell de Montserrat).