Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

09/07/2010

Uda honetan, ipuin-kontalari batek hiriaren historia kontatuko die txotxongiloekin txikienei harresian

2010/07/09 Uztaileko (10, 17 eta 31), abuztuko (14 eta 28) eta iraileko (11 eta 25) larunbatetan izango da.   Abuztuaren 6an, Done Jakue Bideari buruzko saio berezi bat izango da  

            Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 9.- Uztailean, abuztuan eta irailean, Erdi Aroko harresian, haurrei zuzendutako ipuin-kontalari talde batek hiriaren historia kontatuko die txikienei modu jostagarri eta dibertigarrian. Saioak doakoak izango dira eta ipuinak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira. 
Vitoria-Gasteizko Hirigune Historikoa Era Integralean Biziberritzeko Agentziak, Santa Maria Katedrala Fundazioaren elkarlanarekin, larunbat honetako arratsaldeko 18:00etan, ekimen bat abiaraziko du; ekimen horren helburua txikienei hiriaren historia eta Erdi Aroko harresiaren historia irakastea da. Iazko arrakasta ikusita –abuztuko asteburuetan antolatu ziren–, aurten uda guztira zabaltzea erabaki da.  
‘Teatropezao’ taldeak txotxongilo emanaldi dibertigarria egingo du: emanaldiek 45 minutu iraungo dute eta 4 eta 9 urte bitarteko haurrei zuzenduta egongo dira, nahi duten guztiek bertaratzeko aukera badute ere. Erdi Aroan harresia eraiki zuten garaiko jantziz hezurmamitutako hamar bat pertsonaia erabiliz, Gasteizko herrixkaren historia kontatuko dute, herrixka nola zabaldu zen eta alde zaharra ixten zuen harresia nola eraiki zuten azalduz. Hori egin ahal izateko, hiru agertoki erabiliko dituzte eta bertan azalduko dira pertsonaiak, Herminia, Telo, pregoilaria, eraikitzaileak, sorgina edo bertako biztanleak, besteren artean.   Harresiaren eremura sartzeko lorategi-gunean egingo da ipuin-kontaketa, txikienak, eroso-eroso, soropilean eser daitezen.   Arratsaldeko 18:00etan hasiko dira saioak egun hauetan:
Uztaila: 10ean, 17an (euskara) eta 31n
Abuztua: 14an (euskara) eta 28an
Iraila: 11n (euskara) eta 25ean   

  Done Jakue Bidea
Halaber, Eusko Jaurlaritzarekin eta Kultura Ospakizunen Estatuko Elkartearekin (SECC, Sociedad Estatal de Conmemoraciones Culturales) lankidetzan Done Jakueren urtea ospatzeko egiten ari diren ekitaldien artean, abuztuaren 6an (19:00etan), bereziki Done Jakue Bidean arreta jarritako ipuin-kontaketa saio berezi bat egingo da.