2010/07/21 Tenpluaren dendan (Eskola kalea, 11) eskura daitezke sarrerak eta 3 euroko prezioa izango dute, 1 eurokoa Katedraleko Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzat.
Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 21a.- Galiziako Ars Combinatoria taldeak itxiko du larunbat honetan Done Jakueren urtea ospatzeko antolatutako kontzertuen zikloa. Kontzertu horiek uztailean zehar egin dira Santa Maria Katedralean. Errezitaldia iluntzeko 20:00etan hasiko da erdiko nabean eta 'Hispaniako Erdi Aroko Kodexak Done Jakue Bidean'programa interpretatuko dute.
Eusko Jaurlaritzarekin eta Kultura Ospakizunen Estatuko Elkartearekin (SECC, Sociedad Estatal de Conmemoraciones Culturales) lankidetzan, Urte Santuaren ospakizunekin bat egin nahi izan du aurten Santa Maria Katedralak. Testuinguru horretan kokatzen dira aurreko asteetan antolatutako Speculum eta Odhecaton taldeen errezitaldiak. Larunbatean amaituko da Bideari eskainitako zikloa, iluntzeko 20:00etan hasiko den Galiziako Ars Combinatoria taldearen errezitaldiarekin. 1991. urtean sortu zen talde hori. XVI. mendeko polifonia espainiarra kantatzeko, Erdi Aroko kantigak trobatzeko, kanpaiak baxu iraunkor batekin jotzeko edo, beste musika askoren artean, J. S. Bach-en musikak interpretatzeko biltzeko irrikarekin sortu zen taldea. Bere asmo eta nahi bakarra zera zen: ezagutza zabala izatea gaur egun idatzizko musika egiteko. Horregatik, gaur egun, hirurogeita hamar interprete baino gehiago ditu eta horiei esker eraman dezake aurrera programetako bakoitza. Ahotsezko zati batek eta instrumentuzko beste zati batek osatzen dute taldea eta banaka edo batera ager daitezke.
Kontzertu-jarduera handia garatzen du Ars Combinatoria taldeak eta azken urteetan bakarlarientzako, abesbatzentzako eta orkestrentzako programekin parte hartutako errezitaldi hauek aipa daitezke, besteak beste: Granadako Katedralekoa, Galiziako Auditoriokoa (Santiago), Auditorio Nazionalekoa (Madril), Arteen Zirkulukoa (Lugo) edo Salamancako katedral zaharrekoa.
Santa Maria Katedraleko errezitaldian, eta Canco Lopez zuzendari dutela, 'Hispaniako Erdia Aroko Kodexak Done Jakue Bidean' programa interpretatutako dute. Lau emakume-ahotsek eta zazpi gizon-ahotsek jardungo dute eta fidulak eta zarrabetek lagunduko diete.
Sarrerak dagoeneko salgai daude 3 euroko prezioan. Katedralaren dendan (Eskola kalea, 11) soilik eskura daitezke, goizeko 10:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 20:00etara. Katedraleko Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzako sarrerek 1 euroko prezioa dute.