2010/07/29 Dagoeneko egin daitezke bisita gidatuak bi guneetara 7 euroren truke
Vitoria-Gasteiz, 2010eko uztailaren 29a.-Santa Maria Katedralak eta Gesaltza Añanako Gatz Haranak bat egin dute ondarearen alde batera lanean aritzeko. Lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur gune horiek kudeatzen dituzten bi fundazioek. Lehen jarduera gisa, bisita bateratuak egitea aurreikusten da, baita gatzagetan barrenako ibilbide bat gehitzea ere. Ibilbide hori egin zuten, hain zuzen ere, tenpluan uztailean antolatutako tailer didaktikoetan parte hartu zutenek.
Probintziako bi leku ikusgarrienen arteko lankidetza bultzatu nahi duen akordioa izenpetzeko bildu dira gaur Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendari-gerentea, Juan Ignacio Lasagabaster, eta Añanako Gatz Harana Fundazioko zuzendari-gerentea, Mikel Landa. Ondarearen erreferente eta Arabako erakargarri turistikoa da urteetan Katedrala; Gesaltza Añanan, berriz, ezaugarri geologiko, paisajistiko eta biodibertsitate balio izugarria duen gune bat berreskuratzen ari dira.
Gure lurraldeko bi ondare-elementu garrantzitsu gizartearentzat oso-osorik berreskuratzea dute misio nagusitzat bi fundazioek. 'Obretan eta Irekita' filosofia berak gidatutako zaharberritze-prozesu zail baten arduradun izateaz gainera, beren egitekoen artean aurkitzen dira kultura zabaltzea, elementu horien inguruko gizartea eta ekonomia leheneratzea eta ikerketa zientifikoak egitea. Lankidetzarekin, informazioa trukatzeaz gainera, bien ardura izan daitezkeen gaiak, hala nola kultur ondarea edo zaharberritzea, hedatzera bideratutako jarduerak garatu, gai horiei balioa eman, ikertu eta horiei buruzko mintegiak, ikastaroak eta hitzaldiak egin nahi dira. Halaber, informazioa trukatzeko eta elkar aholkatzeko lan egingo da.
Bi guneetara bisita bateratua egiteko aukera da lankidetza honen lehen zehaztapenetako bat. Duela zenbait astetik hona, hala nahi duten bisitariek ibilaldi gidatuak egin ditzakete bi lekuetara 7 euroko tarifa berezian. Hogei pertsona baino gehiagoko taldeen kasuan, txartelen kostua 4 eurokoa izango da. Ikasleek, jubilatuek eta minusbaliatuek, aldiz, 3,5 euro ordainduko dute. Lagunduta datozen hamar urte arteko haurrak, ostera, doan sartuko dira. Halaber, uztaileko Katedraleko tailer didaktikoetan parte hartu dutenek gozatu ahal izan dute Gatz Haraneko egun-pasaz eta aukera izan dute gatzagen berreskuratze-proiektua ezagutzeko eta azazkalak garbitzeko putzua probatzeko.