Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

02/09/2010

Elgeako Mendizerrarako irteera batek inauguratuko du Harriaren Bideko ibilaldien denboraldi berria

2010/09/02 Ajarte izango da, berriz ere, hilaren 18ko eta 25eko irteeretako protagonista.Azken ibilaldian, Erdi Aroko Azokarekin bat etorriz, idi-gurdi batek Mendiolatik harria nola ekartzen zen irudikatuko du

                 Vitoria-Gasteiz, 2010eko irailaren 2a.- Santa Maria Katedralaren eraikuntzaren historia hertsiki lotuta dago harria ateratzen zen harrobietatik:  Ajarte, Elgea, Olarizu edo Arrigorrista. Duela ia lau urtetik hona, meatokitik tenplura arte harginek egiten zuten Harriaren Bide hori ekartzen du gogora Santa Maria Katedrala Fundazioak. Horrela, hiru urtez Ajartera arte ibilbidea egin ostean, Elgeako Mendizerrarako irteera berri batekin inauguratuko da laugarren denboraldi hau. Irailaren 11n egingo da berori. Gutxi gorabehera 28 kilometro izanik, ohikoa baino luzeagoa da eta oso ondo prestatutako jendearentzako pentsatuta dago. Europa Jauregia izango da irteera-puntua (goizeko 08:00etan) eta itzulera arratsaldeko 17:00etan aurreikusten da. Hilaren 18an eta 25ean, helmuga, berriz ere, Ajarte izango da.

Elgeako hareharriek eratzen dute Katedralaren gorputzaren kanpoaldeko irudia. Arroka landu grisaxkak hauek baliotsuak dira bere gogortasunagatik eta 'azukre-koxkor efektuaren' kontra egiteko duen immunitateagatik. Harria duela 100 milioi urteko Arabakoa da; probintziaren ipar-ekialdeko zerrenda ur-azpian delta antzeko bat osatuz zegoela, hegoalderago jaiotzen ziren ibaiek ekarritako hareak jasotzen zutenekoa. Gainera, harrien jatorria ez da harrobi bakar batera mugatzen, nahiz eta, batez ere, Elgeatik eta Ozetatik ekarri zen.  
1850ean, Elgeak zituen 28 biztanletik 6k egiten zuten lan harrobian eta oraindik ikus daiteke beren aztarna, Ozeta harrobia bezalaxe, XX. mendera arte jarraitu bazen harria erauzten. Irteera honetan, mendizerran ustiatzen jarraitzen den azken harrobira hurbil daitezke parte-hartzaileak probintziako amezti (harearekin lotutako zuhaitza, udako lehortea eta suaren zigorra jasan ditzakeena) zabalenetik barrena. Ingurune horrek gainera, hainbat sorpresa interesgarri gordetzen ditu, adibidez, haritz kandugabe urriaren ale batzuk edo ingurumena modu jasangarrian ustiatzea (abeltzaintza estentsiboa, heskaidun belazeak, erlauntzak, pinudi txikiak...). Gasteizerako bidean, gainera, paisaiaren transformazioa ikus daiteke: Elgeako basoak, Ulibarriko urtegiaren ertzak, erkametzez estalitako muino tuparrizaleak, zereal-lautadak, Salburuako hezeguneak...


Harria idiekin nola ekartzen zen irudikatzea

 Hil honen 18an eta 25ean, larunbatak biak, Harriaren Bideko helmuga Ajarte izango da berriz ere. Trebiñuko herri horretakoak baitira, hain zuzen ere, Gasteizko tenplua eraikitzeko erabili ziren harri gehienak. Gasteizko mendietatik gertu egonik, goza daitekeen ikuspegi apartan eta katedrala gertuko paisaiako elementuekin eta, batez ere, Gasteizko muinora harria eramateko erabilitako bide historikoekin batzen dituen interes historikoetan eta artistikoetan datza aurreko hiru edizioetako arrakasta. 14 kilometroko ibilbideak ezin hobe egiten du ibiltzera ohituta dagoen edozein pertsonarentzat.

 
Azken irteeran, hilaren 25ekoak, asteburu osoan zehar hirigune historikoan egingo den Erdi Aroko merkatuarekin bat egingo duenez, Ajartetik harriak ekartzen ziren jatorrizko modua ekarriko da gogora. Horretarako, bi idik tiratutako egurrezko gurdi bat Mendiola eta Aihotz Plazaren arteko ibilbidean zehar joango da, eguerdiko 12:00etatik aurrera, harrizko zenbait bloke eramanez. Oso erakustaldi erakargarria izango da egun horretan Erdi Aroko almendra bisitatzen duten milaka pertsonentzat.

Gurdiak Mendiolan bat egingo du Ajartetik oinez datorren taldearekin. Handik Olarizuko parkera hurbilduko dira eta, jarraian, Jauregilanda, Iturritxu, Zumabide, Domingo Martinez de Aragon, Araba, Agirre Miramon, Juan Ibañez de Santo Domingo, San Antonio, Becerro de Bengoa, Prado, Andre Maria Zuria eta Mateo Moraza kaleetatik eta San Frantzisko Aldapatik igaroko dira; horrela, eguerdiko 14:00etan, gutxi gorabehera, iritsiko dira Aihotz plazara.


Katedralaren dendan (Eskola, 11) edo 945 25 92 11 telefono-zenbakian informazioa eskatu eta lekua erreserba dezakete jarduera honetan parte hartu nahi duten guztiek. Irteera horietarako prezioak 3 eta 7 eurotakoak izango dira bazkideentzako eta publikoarentzako, hurrenez hurren. Ibilaldi bakoitzean 45 leku egongo dira.