Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

14/09/2010

Harriaren Bidea Ajartera itzuliko da larunbat honetan

2010/09/14 Egun bakoitzarako 45 leku egongo dira eskuragarri, eta erreserba Katedraleko Dendan egin behar da ( Las Escuelas Kalea 11)

             Vitoria-Gasteiz, 2010eko irailaren 14a.- Harriaren Bidea Ajartera itzuliko da larunbat honetan. Pasa den asteburuan Elgeako mendizerrara egindako irteera berriaren ostean, Santa Maria Katedralaren Fundazioak, Goiena Mendi Klubarekin lankidetzan, antolatutako ibilaldien helmuga Trebiñuko Konderriko herria izango da berriro ere. Herri horretakoak dira, hain zuzen ere, Gasteizko tenplua eraikitzeko erabilitako harri gehienak. Europa Jauregia izango da irteera-puntua (goizeko 08:00etan) eta arratsaldeko 17:00etan aurreikusten da Katedralera itzultzea.

 
Gasteizko mendietatik gertu egonik, goza daitekeen ikuspegi apartan eta katedrala gertuko paisaiako elementuekin eta, batez ere, Gasteizko muinora harria eramateko erabilitako bide historikoekin batzen dituen interes historikoetan eta artistikoetan datza aurreko hiru edizioetako arrakasta. 14 kilometroko ibilbideak ezin hobe egiten du ibiltzera ohituta dagoen edozein pertsonarentzat.

 
Idiekin irudikatzea Erdi Aroko Azoka egunean
 

Halaber, hilaren 25eko irteerak, asteburu osoan zehar hirigune historikoan egingo den Erdi Aroko merkatuarekin bat egingo duenez, Ajartetik harriak ekartzen ziren jatorrizko modua ekarriko da gogora. Horretarako, bi idik tiratutako egurrezko gurdi bat Mendiola eta Aihotz Plazaren arteko ibilbidean zehar joango da, eguerdiko 12:00etatik aurrera, harrizko zenbait bloke eramanez. Oso erakustaldi erakargarria izango da egun horretan Erdi Aroko almendra bisitatzen duten milaka pertsonentzat.

  Gurdiak Mendiolan bat egingo du Ajartetik oinez datorren taldearekin. Handik Olarizuko parkera hurbilduko dira eta, jarraian, Jauregilanda, Iturritxu, Zumabide, Domingo Martinez de Aragon, Araba, Agirre Miramon, Juan Ibañez de Santo Domingo, San Antonio, Becerro de Bengoa, Prado, Andre Maria Zuria eta Mateo Moraza kaleetatik eta San Frantzisko Aldapatik igaroko dira; horrela, eguerdiko 14:00etan, gutxi gorabehera, iritsiko dira Aihotz plazara.

Katedralaren dendan (Eskola, 11) edo 945 25 92 11 telefono-zenbakian informazioa eskatu eta lekua erreserba dezakete jarduera honetan parte hartu nahi duten guztiek. Irteera horietarako prezioak 3 eta 7 eurotakoak izango dira bazkideentzako eta publikoarentzako, hurrenez hurren. Ibilaldi bakoitzean 45 leku egongo dira.