Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

23/09/2010

Idi-gurdi batekin gogoratuko dute larunbatean Ajarteko harrobitik harriak nola ekartzen zituzten Santa Maria Katedralera

2010/09/23 Aihotz Plazara 14:00etan iristea aurreikusten da, eta bertan aktore eta kale-animatzaile talde batek ongietorria emango dio.

Gasteizen, 2010eko irailaren 23an.- Hirigune historikoan asteburu osoan zehar izango den Erdi Aroko Azokarekin batera, larunbatean idi-gurdi batekin gogoratuko dugu Ajarteko harrobitik (Trebiñun) harri bloke handiak nola ekartzen ziren Santa Maria Katedralera arte, Erdi Aroan eraikitzen ari zirenean erabiltzen zuten garraioaz baliatuz. Gurdia Mendiolatik abiatuko da 11:30 eta eguerdiko 12:00ak bitartean, eta Aihotz plazara 14:00ak inguruan iritsiko da; han aktore eta kale-animatzaile talde batek itxarongo dio, ongietorria emateko. Ekintza erakargarria da, zalantzarik gabe, ez soilik ibilaldia egin nahi izango dutenentzat, baita egun horretan Erdi Aroko almendra bisitatuko duten guztientzat ere.

  Ekimen hau ospatzen den hirugarren urtea da, eta Santa Maria Katedralak urtero, irailean, Ajartera antolatzen duen ibilaldiaren parte da, "Harriaren Bidea" programaren barruan. Hortaz, bi idik tiratutako gurdia harrobitik oinez datorren taldearekin bilduko da Mendiolan, eta leku berean herriko makina bat biztanle ere bilduko dira; izan ere, herritarrek urtero babes zabala ematen diote ekimenari. Handik Olarizuko parkera hurbilduko dira eta, jarraian, Jauregilanda, Iturritxu, Zumabide, Domingo Martinez de Aragon, Araba, Agirre Miramon, Juan Ibañez de Santo Domingo, San Antonio, Becerro de Bengoa, Prado, Andre Maria Zuriaren eta Mateo Moraza kaleetatik eta San Frantzisko aldapatik, Aihotz plazara iritsi arte. Hirigune historikora heltzen direnean aktore eta kale-animatzaile talde batek ongietorria emango die, eta harri-blokeak plazan harria zulatzen egongo den hargin bati emango zaizkio.

Taldea pasatzen ikusteaz gain (eta pertsona ugari jantzi tradizionalekin jantziko da, gainera), nahi duena ibilaldiaren edozein unetan bildu ahalko da taldera, eta Aihotz Plazara arte paseatu. Oso erakustaldi erakargarria izango da larunbatean Erdi Aroko Azoka bisitatuko duten milaka pertsonentzat.