Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

22/11/2010

Santa Maria Katedrala Fundazioak Eguberrietako postalen tailerra antolatu du haurrentzat

2010/11/22 Larunbat honetan izango da, hilak 27, 10:30etik 13:00etara

            Vitoria-Gasteiz, 2010eko azaroaren 22a.- Eguberriak gainean ditugula, Santa Maria Katedrala Fundazioak, beste urte batez, haurrentzako tailerra antolatu du, txikienek Eguberrietako postalak egiten ikas dezaten. Horri ekin aurretik, Jesukristoren haurtzaroa ere ezagutuko dute, Elizpeko ikonografiaren bitartez. Larunbat honetan izango da, azaroak 27, 10:30etik 13:00etara.
 
Unitate didaktiko hauen helburua 8 eta 11 urte arteko haurrei Santa Maria Katedralaren historian, artean edo arkitekturan barneratzeko aukera ematea da, jolastu eta ondo pasatzen duten bitartean. Oraingo honetan, eguna elizpean hasiko dugu, eta bertan erdiko tinpanoko lehen troxa sakonki azalduko diegu, bertan ikus baitaiteke Jesukristoren haurtzaroa nola garatu zen (Deikundea, Santa Isabelen Ikustaldia, Artzainen Adorazioa, Agerkundea, Haurra Tenpluan Aurkeztea...). Horrez gain, ikonografiaren bitartez Santa Mariako eszenak gai bera lantzen duten Arabako beste tenplu batzuetako eszenekin lotuko dira, eta hainbat une historikotako nazioarteko pinturan nola islatu den ere ikusiko dugu.

 
Tailerrera iristerakoan, parte-hartzaileek Eguberrietako postalak sortuko dituzte koloretako kartoi mehetan, Eguberrietako ikurrak, siluetak, irudiak eta beste gauza asko sortzea ahalbidetzen duten feltro eta beste oihal batzuk erabiliz.
 
Tailerra elebiduna izango da, euskaraz eta gaztelaniaz, alegia, eta 6 euro balioko du; Katedraleko Fundatzaileen Zirkuluko kideen seme-alabentzat, ordea, prezioa 4 eurokoa izango da. Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plazan) edo 945 255 135 telefono zenbakian informazio gehiago jaso edo izena eman dezakezue.

 
Bisita teknikoak

 
Bestalde, hemendik aurrera, Katedraleko bisita gidatuen ´Obretan eta Irekita´ programak berrikuntza bat izango du: hilabete bakoitzeko azken astearteetan ildo teknikoko bisitak izango dira, Juan Ignacio Lasagabasterren eskutik. Fundazioko zuzendari gerenteak (edo inoiz beste konpromisorik badu, bere taldeko lankideren batek ordezkatuko du) orain arte egin diren lanak azalduko ditu, eta horrez gain, proiektua etorkizunean norantz joango den ere zehaztuko du.
 

Bisitak ordu eta erdi iraungo dute, 17:30etik 19:00etara, eta lehen hitzordua azaroaren 30ean izango da. Bisitaldiak doakoak izango dira Katedraleko Fundatzaileen Zirkuluko kideentzat, eta gainerako bisitariek, ostera, 7 euroko sarrera ordaindu beharko dute. Bisitak Bisitariak Hartzeko Zentroan erreserba daitezke (Buruileria plazan) edo 945 255 135 telefono zenbakian.