Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

09/12/2010

Bihar itzuliko da 1780ko jaiotza Santa Maria Katedralaren barnera

2010/12/09 Nabea irekita egongo da urtarrilaren 9ra arte, Eguberritako jarduerak direla-eta.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko abenduaren 9a.- Santa Maria Katedrala bete-betean sartu da Eguberrietako kanpainan. Bihartik hasi eta urtarrilaren 9ra arte, San Jose Kaperak, jendeak Jaiotzarena gisa ezagutzen duenak, Esteban Agredaren 1780ko Jaiotza neoklasikoa hartuko du. Halaber, nabean Juan Ramon Llavori argazkilariaren erakusketa ikus daiteke 'III. Mendi Zinemaldia' proiektuaren barruan kokatutakoa.
 
Horrela, Jaiotza Katedralaren barneko bere ohiko kokapenera itzuliko da. Tenpluaren zaharberritze lanak zirela eta, bertatik kendu baitzen. Lan horiek  Fundatzaileen Klubeko bazkideek emandako diru-laguntzei esker burutu ziren. Haurra daraman Ama Birjinak, San Josek, hiru artzainek eta hiru animaliak (astoa, ardia eta idia) osatzen dute multzoa. Zur polikromatuan eginda dago eta estilo neoklasikokoa da, baina tradizio barrokoari oso lotutakoa.

 Era berean, hilaren 22ra arte, nabeak Juan Ramon Llavori (Zumaia, 1953) argazkilariaren 'Urte Santua' erakusketa hartuko du 'III Mendi Zinemaldia' proiektuaren barruan; aurten, gainera, ekimenaren ekintzak Erdi Aroko Hirigunetik barreiatuko dira. Llavorik hainbat sari jaso ditu bere lanagatik eta 40 irudiko bilduma ekarriko ditu Gasteizera. Done Jakue Bideari buruzko irudi horiek 'Peregrinatio, Argiaren bidetik' proiektukoak dira.

 Interesa duten pertsona guztiek Jaiotza eta erakusketa ikus dezaten, nabea irekita egongo da urtarrilaren 9ra arte goizeko 10:30etatik eguerdiko 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik iluntzeko 18:00etara. 

  Haur-tailerra 
Bestalde, datorren larunbaterako (10:30etatik 13:00etara) Eguberritako postalak egiteko haurrei zuzendutako tailerra antolatu dugu, etxeko txikienek elizpeko erdiko tinpanoan islatutako Kristoren haurtzaroko zikloa ikusteko aukera izan dezaten, eta probintziako beste tenplu batzuekin eta nazioarteko pinturetan jasotako antzeko eszenekin duen harremana ezagutzeko.
 
Prezioa 4 eurokoa izango da kideentzat, eta 6 eurokoa gainerakoentzat. Izen-emateak, beti bezala, bisitariak hartzeko zentroan egin daitezke edo 945 25 51 35 telefonora deituta.