28/01/2011
Vitoria-Gasteiz, 2011ko urtarrilaren 28a.- Elizbarrutiaren 150. urteurrena begi-bistan izanik, marmol beltzezko ganga izugarri bat amaitzeko lanek markatuko dute aurtengo urtea. Ganga hori nabearen zoruaren mailan eraikiko da eta bere gainean aldarea jarriko da. Horixe izango da Santa Maria Katedralaren erakargarri nagusienetako bat 2012. urterako. Gurutzaduraren eta aldare-aldeko zorua jartzea eta tenpluaren zorupean barreneko ibilaldi gidatuak hiriaren iraganari buruzko ikuspegi berri bat emango dio publikoari eta jarduera liturgikoa eta kulturala bateragarri egingo ditu.
Gasteizko tenplua erabat zaharberritzeko prozesuak hasiera-hasieratik kontenplatu du nola berreskuratu diren publikoaren erabilerarako eraikinaren gune arkitektoniko gehienak. Lan horiek guztiak erabilera-plan orokor baten baitan egin dira eta kontuan hartu da bere alderdi bikoitza, hau da, alderdi kulturala eta alderdi liturgikoa. Helburua hori izanik, pasa den udan, hitzarmen berri bat sinatu zen Gotzaindegiaren eta Fundazioaren artean 30 urtez tenpluaren erabilera emateko.
Eremu horretan kokatzen da oraintxe bertan egiten ari den lan garrantzitsuena, kriptaren eta gurutzadurako forjen proiektua. Plan horrek helburu du datorren urteko lehen hilabetetan katedrala berriro jendeari irekitzeko beharrezko guneak prestatzea, bai alderdi erlijiosoari dagokionez, bai alderdi kulturalari dagokionez. Santa Maria Katedralaren Fundazioko bulego teknikoak idatzi du proiektua, Juan Ignacio Lasagabasterren zuzendaritzapean. 1,75 milioi euroko aurrekontua du eta Artemón Tecnicas de Arquitectura Monumental enpresari esleitu zaio. Lanak datorren udazkenean amaitzea aurreikusten da.
Katedralaren zorua
2007. eta 2008. urtean nabeetako forjak eraikitzean hasitako lanak osatzen ditu elizako zoru nagusiaren zaharberritzeak. Lan haietan haritz-egurrezko egituren sistema bat ezarri zen hargintzazko arkuen kontra. Halaber, arku horien zimenduak aldez aurretik zaharberritu ziren. Modelo hori bera errepikatuko da gurutzaduraren solairua eta girola eraikitzeko, kareharri zurizko hargintza-arku berriekin eta haritzezko forjekin. Lanaren zati horrekin amaitzeko, haritzezko zoladura berria jarriko da forja guztien gainean baita aldez aurretik zaharberritutako nabeetan ere.
Hala ere, solairu honek tratamendu berezia izango du, bai eraikitzerakoan, bai forman, gurutzaduraren eremuan eta aldare-aldean. Azken horretan kokatuko da gurtzeko tokia. Zati horretan nabarmentzekoa da kareharri beltzezko hargintza-ganga handi bat jarriko dela. Izan ere, ez da antzeko egitura motarik halako neurritan eraiki XIX. mendetik. Gurutze latindarraren formako oinplanoa izango du eta elizaren maila orokorraren gainetik eraikiko da, 60 zentimetrora, bere gainean gurtzeko elementuak kokatu ahal izateko: elizkizunetarako aldarea, hitzaren anboia, kalonjeen abesbatzarentzako aulkiak, Gasteizko gotzainaren egoitza eta irudi sainduak.
Hiriaren historia
Bestalde, kriptan, 2000tik 2009ra, Agustin Azkarateren agindupean, EHUko Eraikitako Ondarea Ikertzeko taldeak katedralaren barruko eta bere inguruko kanpoaldeko zati handi batean egindako indusketa arkeologikoak hasierako itxaropen guztiak gainditu ditu eta gure hiriaren historia agerian jartzen duen eraikuntza segida bat azaleratu du. Hiria sortu zenetik Goi Erdi Arora arte, tenplua eraiki zen arte. Indusketak, gainera, orain arte katedralaren burualdean, hitzez hitz, lurperatuta zegoen gune bat berreskuratu du. Ondorioz, girolako kaperen eta transeptuko sotoetan hamar erakusketa-areto gaituko dira. Areto horiek pasagune eta eskailera sistema baten bidez komunikatuko dira, eta mugikortasun murriztuko pertsonek erabiltzeko bi plataforma-jasogailuz osatuko da. Sistema hori guztia indusketaren hondoan dauden aztarna arkeologikoen gainetik pasako da.
Erakusketa-gune nagusia areto diafanoa izango da gurutzadura-nabe osoan, berrogeita hamar bat metro luze, hamalau zabal eta bost eta zortzi metro arteko altuera izango du. XII. mendeko hiriko lehen harresiaren defentsa-zuloa izan zenean eta horren aurreko beste eraikin batzuen hondarrak dauden lekuan dago. Horrela, 800 metro koadro inguru irabaziko dira lurpeko bi oinplanotan banatuta. Gune hori eszenatoki onena bihurtuko da Gasteiz primitibo hartatik gaur egun arte hirigintzak izan duen bilakaera azaltzeko; defentsa-sistema harrigarria nola eraiki zen azaltzeko; eraikuntza-teknikak nola garatu diren azaltzeko edota hileta-ohiturak nola aldatu diren azaltzeko.
Bisitagarria izango den eremu horretara Aiztogile kaleko eraikinetatik (etorkizunean, interpretazio zentroa eta bisitariak hartzeko zentroa kokatuko da bertan) eta Santa Maria Kantoitik sartu ahal izango da. Bertako igogailu-sistemaren bitartez dorreraino joan ahal izango da elizpetik barrena. Gaur egun, igogailu-sistema hori dagoeneko martxan dago.
Lan hauek eta Fundazioak, Arabako Foru Aldundiak eta Vitoria-Gasteizko Udalak sustatutako lanak amaitu eta gero, ibilbide arkitektoniko oso bat izango da, tenplua eraiki baino lehenagoko eraikuntzen aztarnen indusketan hasi eta dorrearen kanpandorre-behatokian amaituko dena, katedraleko nabeetatik, elizpetik eta dorreko hainbat solairutatik igaro ostean. Gune horiek guztiak ezintasunak dituzten pertsonentzako prestatuta daude eta zati batean gidatuak eta beste zati batean irekiak diren bisita-zirkuitu baten barruan kokatzen dira.
Lanetako emaitza finala erakusten duten irudi birtualak www.catedralvitoria.com/boveda.zip web orrialdean erabilgarri daude