2011/02/22 Tenplua zaharberritzeko proiektua, tenpluaren historia eta bere ingurua izango dira kontakizunaren argumentuaren oinarri
Vitoria-Gasteiz, 2011ko otsailaren 22a.- Kontakizun laburren lehiaketaren hirugarren edizioa deitu du Santa Maria Katedrala Fundazioak. Lehiaketaren bidez, herritarren parte hartzea bultzatu nahi da, tenplu zaharra ardatz nagusi duela.Tenpluaren historia, zaharberritzeko prozesua edota kokatzen den hirigune historikoa izan beharko dute kontakizunaren argumentuaren oinarri.Parte hartu nahi dutenek maiatzaren 13ra arte aurkez ditzakete beren lanak. Beste urtebetez, Santa Maria Katedrala Fundazioak irudimen-ariketa bat proposatzen du. ´Bazen behin Katedrala´ izenburupean, kontakizun laburren lehiaketa hirugarrengo aldiz deitu du. Lehiaketaren bidez, herritarrek duela hamar urte baino gehiago abiatu zen eta ia milioi bat lagunek bisitatu duten proiektuaz zer iritzi duten ezagutu nahi da.Halaber, tokiko literatura-ekoizpena bultzatu eta dinamizatu nahi da. Lau kategoria izango dira: 12 eta 17 urte bitarteko gazteak eta 18 urtetik gorakoak, obrak euskaraz edo gaztelaniaz aurkez daitezkeelarik. Argumentuaren oinarri nagusia Gasteizko tenpluak izan beharko du, bere historia, ingurua eta zaharberritzea, eta kontakizunek ezingo dute hamar orrialde baino gehiagoko luzera izan. Lan orijinalak, argitaratu gabeak, beste lehiaketetan saririk irabazi ez dutenak eta egile batek idatzitakoak soilik onartuko dira. Halaber, autore bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahalko ditu.
Parte hartu nahi duen orok datorren maiatzaren 13ra arte aurkez ditzake bere lanak Fundazioaren egoitzan (Santa Maria Katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroa - Buruileria plaza z.g.) astelehenetik ostiralera, goizeko 09:30etatik eguerdiko 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik iluntzeko 19:00etara. Kultura eta literatura munduarekin lotutako bost kidek osatuko dute epaimahaia eta kontakizun guztien artetik, gehienez, hiru hautatuko dituzte kategoria bakoitzeko.
Kontakizun irabazleak bilduko dituen liburu batean argitaratzea izango da txapeldunentzako saria, eta modu horretan, Santa Maria Katedralarekin lotutako Kontakizun Laburren Bilduma osatuko da urteak pasa ahala. Era berean, parte hartzen duten kontakizun guztiak Fundazioaren web orriaren bitartez zabaldu ahalko dira. Epaimahairen erabakia maiatzaren 26an jakinaraziko da.