Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

22/03/2011

Santa Maria Katedraleko dorrea lonarik gabe da berriz ere zazpi urteren ostean

2011/03/22 Dagoeneko hasi dira barnealdea irisgarri bihurtzeko lanak; eskailera hobeak eta igogailu bat jarriko dira

             Vitoria-Gasteiz, 2011ko martxoaren 22an.- Santa Maria Katedrala lonarik gabe agertu da lehen aldiz zazpi urteren ostean. Zaharberritze-lanak amaitu eta gero, bere osotasunean, kanpoaldetik oso-osorik berrituta ikus daiteke dorrea; baina barnealdeko lanak egiten jarraitzen dute, barnealdea irisgarri egiteko. Ondorioz, ´Obretan eta irekita´ programan sartuko da eta hiriko talaia izango da berriro, bertatik hiriko ikuspegi bikainez gozatu ahal izango da eta baita Arabako Lautadakoez ere.
 
Zazpi urte inguru aldamioz eta koloretako lonez estalita egon ostean, Santa Maria Katedraleko dorrea distira osoz ikus daiteke. Urteetako lanek etorkizun hurbila erakusten dute. Ahalik eta gune gehien irisgarri eta bisitagarri egitea da tenplua erabat zaharberritzeko proiektu osoaren helburu nagusia, baina beti kontuan hartu dira honelako ezaugarriak dituen eraikin baten mugak. Ondorioz, ekitaldi honetan ekintza garrantzitsu bat egingo da dorrea bisita-ibilaldian txertatzeko.

 
Orain arte modu bakarra zegoen kanpandorrearen gorenera iristeko, eta bertatik kapitelera eta linternara joateko: 109 mailako eskailera kiribil estu eta maldatsu bat igotzea, nekez igo zitezkeena eta okerrago jaitsi, hauei, beste 53 maila gehitu behar zaie kanpai dorrearen gorputzaraino. Eskailera kiribil horren bidez Katedralaren mailatik dorrearen gorputzaren erdialderaino, elizaren nabearen estalduren pareraino, igo daiteke; hortik aurrera, duela gutxi zaharberritu den egurrezko eskaileretan beste hamar metro egiten dira kanpandorrera iristeko; zortzi gehiago kapitelaren hasierara iristeko eta beste zazpi bertatik barrena linternara iristeko. Nahiz eta leku horiek ez diren irisgarri egingo, egingo litzaiokeen kaltea ez delako bateragarria bere mantentze osoarekin, egia da balitekeela barne-sarbide sistema bat jartzea gorputz laukizuzen osoan, mugikortasun mugatuko pertsonak bisitatu ahal dezaten.
 
Barne-eskalera berria eta igogailua
 
Barne-eskailera handi batek eta erabiltzeko igogailu batek osatzen dute sarbide-sistema berria. Erlojuaren makineria zaharraren zuloa aprobetxatuko da igogailua jartzeko. Ez da oso leku handia, baina jatorrizko egitura aldatu gabe jar daiteke igogailua. Biak ala biak elizpetik abiatuko dira eta gaur egun kanpandorrera daramaten eskailera kiribila eta igogailua dauden mailara iritsiko dira. Puntu horretan dagoeneko ezabatu dira arkitektura-oztopo guztiak eta bisita daiteke bai barnealdetik, kanpaiak jatorrizko kokapenean ikusiz, bai kanpoaldeko balkoi korritua ere. Azken horretatik, Gasteizen eta Arabako Lautadaren 360 graduko panoramika dago eta hiriko talaia bihurtu beharko da, behatoki pribilegiatua.

 
Eskailera haritzezko egur trinkoarekin eraikiko da eta, ibilaldian kanpoaldera irtengo da elizpeko teilatuetan dagoen sabai-leiho berri batetik barrena, Katedralaren iparraldean. Horrela, bisitariak hobeto jakingo du eraikineko zein lekutan dagoen une horretan. Bestalde, igogailua sei lekukoa izango da eta beirazko kabina izango du. Beraz, erabiltzaileak eraikinaren ikuspegi dinamikoa izango du, gora edo behera doanean, eta ezohiko xehetasunak ikusiko ditu, hala nola lanetan erabilitako eraikitze-teknikak, hala historikoak nola gaur egungoak. Aurtengo urterako aurreikusitako lanek 451.000 euroko aurrekontua dute eta Santa Maria Katedrala Fundazioaren (Arabako Foru Aldundia,  Vitoria-Gasteizko Udala eta Gotzaindegia), Kultura Ministerioa eta Eusko Jaurlaritzaren artean finantzatuko da.
           

Lan horien bidez, urtebete baino lehen, dorre multzoa bisita gidatuetan txertatu ahal izango da. Elizpeko gangen gainean dauden lekuak eta dorrearen barnealdeko hainbat mailetan barrena ibili ahal izatea aurreikusten da, ikuspegi paregabeaz goza daitekeen kanpandorrera iritsi ahal izateko.

   Erlojua eta kanpaiak

  Kaletik hauteman daitekeen moduan, kanpandorreko kanpaiak ez daude beren jatorrizko lekuan. Santa Maria plazan daude, publikoak ikus ditzakeen lekuan, alegia, zaharberritzea erabakitzen den arte. Bestalde, kapitelaren gainean dauden erlojuko hiru kanpaiak, ordukoak eta laurdenetakoak, in situ zaharberritu dira eta egoera ezin hobean daude bai materialari bai funtzionamenduari dagokionez. Halaber, erlojuko makineria garbitu da eta, bide batez, engranajeetako kaltetutako piezaren bat edo beste ordeztu da. Epe ertainean, beirazko esfera berriak jarriko dira dagoeneko kendu diren plastikozko baliogabeak ordezteko.
    
Mantentze-irizpideak 
 
Azken urteetan, goitik behera aritu da lanean dorrean eta funtsezko bi aplikazio-irizpide mantendu dira Katedralaren obra multzoan: material historikoak ahalik eta gehien mantentzea, eraikinaren denborazko memoria eraikinean bertan manten dadin; eta elementu berriak ordeztea edo gehitzea, orain dauden elementuen antzeko eraikuntza materialak eta teknikak erabiliz multzoari jarraipena emate aldera, bai egiturari eta eraikuntzari dagokionez, bai formari eta paisaiari dagokionez.
 2007 eta 2011 artean egindako esku hartzeen artean aipagarriak dira, besteak beste: harri-fabrikak zaharberritzea, metaketa kimikoen ondorioz sortutako zolda garbitzea, XIX. mendean izandako sute batek egiturari eragin zien kanpandorreko arkuen eremu degradatuenak zaharberritzea, estalkiak eta barnealdeko egurrezko egiturak zaharberritzea.