19/05/2011
Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 19a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak, Gatz Harana Fundazioarekin lankidetzan, hiru ibilaldi antolatu ditu. Bidaiariak eta erromesak XII. eta XIII. mendeetan igarotzen ziren eta bertako produktu garrantzitsuena gatza zen bideetan barrena pasako dira. ´Harrizko eta gatzezko katedralak´ izenpean, ekainaren 4an, 11n eta 25ean egingo dira ibilaldiak eta parte hartu nahi duen edonorentzat irekita daude.
Araba XII. eta XIII. mendeetan zeharkatzen zuten bidaiariek eta erromesek tokiko muga gainditzen zuten bi produktu aurkitzen zituzten; bata Arabako burdinoletako burdina zen, Erdi Aroko Arabarentzako aberats-iturri handia izan zena; eta, bestea, gatza zen, Lurralde Historikoko ibilbiderik zaharrenetan barrena garraiatzen zena bai monasterio handietara, bai jauntxo aberatsen lurraldeetan eta oinetxeetan kontsumitzeko. Izan ere, Erdi Aroan, Añanako gatz-haranerako bideak ziren probintziako erabilienak.
1140an Gesaltza Añana hiria sortu zenean eta gatza ekoizten eta salerosten hasi zirenean, penintsularen iparraldeko hiri aberatsenetako bat bihurtu zen. Baina, berehala nabarmenduko zen Vitoria-Gasteiz, Done Jakue bidean zuen kokapenagatik eta Alfontso VIII.aren eraikitzeko grinagatik. Berak sortu zuen Gasteizko tenpluaren eliza-gotorlekua proiektua.
Arabako funtsezko bi elementu dira Santa Maria Katedrala eta Gatz Haraneko gatzagak. Erdi Aroko Arabaz, garai hartako arkitekturaz eta historiaz hitz egiten baitigute eta, era berean, txoko eta ikuspegia bikainak eskaintzen dizkigute. Gurdi eta bidaiari horiek pasatzen ziren bide horietan barrena ibiltzeak aukera eskaintzen digu historia bizitzeko, leku natural paregabeez gozatzeko eta, ibilbidean barrena, ondarearen nahitaezko beste leku batzuk ezagutzeko. Leku horietara guztietara hurbiltzeko, 15 kilometroko luzera duten hiru ibilaldi antolatu dira ekainaren 4ko, 11ko eta 25eko larunbatetan.
Ekainaren 4ko etapa Vitoria-Gasteiz eta Iruña Veleia artekoa izango da (16,5 km); bigarrenak, hilaren 11koak, Billodas eta Pobes lotuko ditu (14,5 km) eta hirugarrenak, ekainaren 25ekoak, Pobes Gesaltza Añanarekin (14,14 km) lotuko du.
Bederatzi urte baino zaharragoei eta oinez ibiltzera ohituta daudenei zuzendutako ibilaldiak dira eta, gehienez, 55 pertsonentzako lekua dago. Guztiek istripu-asegurua izango dute eta taldeak, uneoro, Gurutze Gorriko langileen eta Goiena Mendiko Klubeko monitoreen laguntza izango dute. Azken horiek, Santa Maria Katedralarekin Fundazioa eta Gatz Harana Fundazioarekin batera, elkarlanean aritu dira ibilbide hau antolatzen. Ibilbidean zehar, bideko puntu interesgarriei buruzko azalpenak emango dira. Gutxi gorabehera, goizeko 08:00etan irten eta Vitoria-Gasteizera 15:00ak aldera itzultzea aurreikusten da. Ibilaldi bakoitzaren prezioa 3 €-koa da Katedralaren Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzako eta 7 €-koa bazkide ez direnentzako.
Informazio gehiago eta erreserbak: 945 255 135.