Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

03/06/2011

Santa Maria Katedrala Fundazioak udaleku didaktikoen edizio berri bat antolatu du

2011/06/03 Hiru txanda izango dira uztailean, bakoitza astebetekoa

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 3a.- Haurrentzako udaleku didaktikoen edizio berri bat antolatu du Santa Maria Katedrala Fundazioak datorren uztailean. Astebeteko iraupena izango duten hiru txanda antolatu dira. Horrela, gazteenak tenplura hurbildu eta zaharberritze-prozesua modu atsegin eta entretenigarri batean ezagutuko dute. Aurten ere Añanako Gatz Haraneko jardunaldia errepikatuko da, eta, horretaz gain, Armentiako basilika eta Maria Sortzez Garbia katedrala bisitatuko dira.

 Uda eta eskola-oporrak iristearekin bat, Santa Maria Katedralak bere ohiko udalekuak eskainiko ditu berriro, 8-11 urteko neska-mutilei zuzendutako jarduera didaktikoa eta elebiduna, euskaraz eta gaztelaniaz. Hiru txanda izango dira, bakoitza astebetekoa. Lehen txanda uztailaren 4tik 8ra bitarte egingo da, bigarrena 11tik 15era bitarte, eta hirugarrena 18tik 22ra bitarte. Jardunaldi bakoitzak 3 orduko iraupena izango du, 10etatik 13etara bitarteko ordutegiarekin, azken egunean izan ezik, arratsaldeko ordubiak arte luzatuko baita, Gatz Haranera egingo den bisitagatik.
 
Lehen jardunaldiaren izenburua ´Kaixo Katedrala´ izango da, eta partaideek kontaktua ezarriko dute tenpluarekin, eraikuntza-materialekin eta eraikuntza-sistemekin, baita horiekin lotutako gremioekin ere. Halaber, katedralaren logotipoa daraman kamiseta egingo du bakoitzak. Kamisetak, gainera, bi funtzio beteko ditu: alde batetik, gainerako bisitarietatik bereiziko ditu partaideak; eta, bestetik, aste osoko laneko arropa izango da. Horretaz gain, eta aurkitutako harginen marketan oinarrituta, plastilinazko oinarri batean eman beharko dituzte, gero harriaren ehundura bat imitatzeko.
 
Bigarren egunean asmoa da Hirigune Historikoa ezagutzea, eta, bereziki, horren harresia. Horretarako, ´Harresia gogoratuz´ izenburuarekin, bisita bat egingo dute. Bertan harresiaren kokapenari, funtzioari eta eraikuntza-teknikei eta -materialei buruzko informazioa emango zaie. Era berean, hiriko biztanleek hainbat garaitan izandako defentsa-teknikak eta bizimodua ezagutuko dute. Jarduera plastikoan beren defentsa-dorre propioa egingo dute, material birziklatuak erabiliz.
 
´Hiru katedralen bidea´ izenburuarekin, hirugarren jardunaldian Katedralaren estilo gotikoa berrikusiko da. Horren ondoren, Armentiako basilikara joango dira, gure lurraldeko estilo erromanikoko ´lehen katedrala´, eta gero Maria Sortzez Garbia Konkatedralera ,hirugarren katedrala. Azken horretan estilo neogotikoa aurkituko dute.
 
Osteguna Done Jakue Bideari buruz izango da. Horretarako, historia azalduko zaie, bideak eta adarkatzeak ezagutuko dituzte, garai bateko eta gaur egungo erromesak ezagutuko dituzte, eta bideak Katedralean utzi dituen arrastoak berrikusiko dira. Jarduera plastikoari dagokionez, ur-botilak, koloretako kartoi meheak, feltroak eta jogurt-poteak erabiliko dituzte erromes bat ohiko jantziekin egiteko.
 
Udalekuen amaieran Añanako Gatz Harana bisitatuko dute. Bertan bi jarduera egingo dira. Lehenengo jarduera ibilbide didaktikoa eta parte hartzekoa izango da Gatz Haranean. Haurrek historia, arkitektura, arkeologia, paisaia, geologia, biodibertsitatea eta ingurumena uztartzen dituen paisaia baten ezaugarriak ezagutuko dituzte. Horretaz gain, eurentzako bereziki egokitutako eremu ludiko batean izango da eta, egun batez, ´gazgile´izango dira. Oinutsik ur gazitan daudela, artisau horiek gatza ekoizteko erabiltzen zituzten oinarrizko teknikak ikasiko dituzte. Gazgile gisa egindako lanaren truke, ekoitziko duten gatz-poltsatxo bat eramango dute.
 
Udaleku hauekin, egun atsegin eta entretenigarri batzuk pasarazteaz gain, haurrak ondarea manten dezaten kontzientziarazi nahi ditu Santa Maria Katedrala Fundazioak.

 
Udalekuak 50 euroko prezioa izango du, 30 euro Katedralaren Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzako edo bazkideen seme-alabentzako. Plazak mugatuak direnez, aldez aurretik egin behar da erreserba, Bisitariak Hartzeko Zentroan , Burulleria plaza,  edo 945 255 135 telefono-zenbakira deituta.