Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

08/06/2011

Hamar urte itxita egon eta gero, Santa Maria kantoia berriro irekiko da katedralean bi igogailu jartzeko lanak amaitu ostean

2011/06/08 Bi igogailu hauekin urrats oso garrantzitsua eman da tenplurako sarrera hobetzeko

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 8a.- Hamar urte baino gehiago itxita egon ondoren, Santa Maria kantoia berriro irekiko zaio publikoari, bi igogailu jartzen amaitu ostean. Ekintza horrekin, urrats handia ematen da tenplurako sarrera hobetze aldera. Bi igogailu horiei esker, edozein pertsona ibil daiteke Katedralaren barruan, pasabideen bidez. Urtebete baino lehenago, gainera, dorrera igo ahal izango da.
 
Lana gaur inauguratu dute Xabier Agirrek, jarduneko Arabako ahaldun nagusiak eta Santa Maria Katedrala Fundazioaren Patronatuko presidenteak; Patxi Lazcozek, jarduneko alkateak; eta Mikel Cabiecesek, gobernuko ordezkariak. Guztira, 480.000 euroko kostua izan du, Vitoria-Gasteizko Udalak bultzatu du eta Enplegurako eta Tokiko Jasangarritasunerako Estatuko Funtsarekin finantzatu da. Proiektua eta obra-zuzendaritza Santa Maria Katedrala Fundazioaren esku egon da. Hemendik aurrera, Santa Maria kantoia oinezkoentzako bidea izango da Txikita eta Frai Zacarias Martinez kaleen artean.
 
Bi igogailu hauek instalatuta Erdi Aroko ia katedral guztietan aurkezten den arazo zailenetako bat ebatzi da: tenpluaren beraren mailan baino altuago dauden guneetarako eta alboko kaleetarako irisgarritasuna ematea. Kasu honetan, altuera eta funtzionalitate desberdineko bi dorre Katedralaren iparraldeko patioan eraikita konpondu da. Igogailuetara, berriz, Santa Maria kantoitik irits daiteke.
 
Proiektu hori Katedrala zaharberritzeko plan orokorraren baitan dago. Planaren helburu nagusienetako bat horixe baita, ahalik eta espazio gehien ahal den heinean bisitagarri eta irisgarri egitea. Gainera, esku-hartze honekin eraikin-multzoaren irisgarritasuna hobetzen hasten da, oraindik lanik egin ez den guneetarako komunikazio-sistema prestatuta utzi baita.
 

Pasabideak eta dorrea, guztiok iristeko moduan
 
Bi dorre horiei esker, Katedralaren solairuaren azpian dauden arkeologia-guneak tenpluaren mailarekin lotuko dira eta, gorago, baita elizpearen gainean jarriko den areto batekin ere. Bertatik eta dorrearen barrualdetik barrena kanpandorreraino iritsiko da. Horrela, hiritar guztien eskura dagoen hiriaren talaia bihurtuko da kanpandorrea.
 
Bietako lehena patioaren albo batean kokatu dago Katedralaren burutik eta Txikita kaletik gertueneko aldean eta, etorkizunean, arkeologia-sotoak eta tenpluaren solairua komunikatuko ditu. Horrela, zorua berreskuratzen amaitutakoan, bi guneen bisita jarraitua egin ahal izango da. Une hori iritsi arte, igogailu hau erabiliko dute mugikortasun murriztuko pertsonek Santa Maria kantoitik nabearen barrualdeko pasabidera sartzeko. Orain arte, gurpildun aulkian dauden pertsonek edo mugikortasun murriztuko pertsonek ezin zuten katedrala pasabideetan barrena bisitatu.
 
8 metroko altuerarekin, dorreak zilindro forma du, kono txiki batekin errematatu da eta Urbión mendietako (Burgos) hareharrizko harlandu handiekin eraiki da. Hegal-eskailera batekin inguratuta dago eta berori Markinako (Bizkaia) kareharriekin eginda dago. Barruko igogailuak zortzi pertsonentzako edukiera du.
 
Patioaren beste aldean, Katedralaren elizpe barrenaren alboan, dago bigarren dorrea. Kantoiaren maila Katedralarekin komunikatu du eta biak elizpearen gaineko gelarekin lotuko dira. Gela horretatik dorreraino igoko da barrualdeko eskailera eta igogailu baten bidez. Gaur egun eraikitzen ari dira eta 2012an amaitzea aurreikusten da. Oraingoz, berreskuratutako Katedralaren zatira sar daiteke. 18,7 metroko altuerarekin, dorre hau ere Urbión mendietako urre koloreko hareharrizko harlandu handiekin eraiki da. Barnealdean hiru geldialdi egiten dituen zortzi lekuko igogailu bat du: kantoiaren mailan, Katedralaren mailan eta elizpearen gainean.
 
Guztira, 365 tona hareharri eta 40 tona kareharri erabili dira.