Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

20/06/2011

Santa Maria Katedralak bere milioigarren bisitaria jaso du

2011/06/20  Tenplua gaur bisitatzen dutenek oroitzapenezko pin bat eta orri-markagailu bat jasoko dute, eta Fundatzaileen Zirkuluko urtebeterako 5 txartelen zozketan sartu ahal izango dira

Vitoria-Gasteiz, 2011ko ekainaren 20a.- Santa Maria Katedralak, 1999. urtean bisita-programa martxan jarri zenetik, milioigarren bisitaria jaso du gaur goizean. Gertaera horrek tenpluaren papera sendotu du Hirigune Historikoko turismoaren eragile gisa, eta, era berean, duela hamarkada bat baino gehiago hasitako zaharberritze-lana balioetsi du.
 
Herritarren babes hori aitortzeko, Santa Maria Katedrala Fundazioaren nahia izan da patronatua izatea bisitariei gertaera horren berri emango diena. Agurtzeaz gain, Arabako Ahaldun Nagusi eta patronatuko presidente Xabier Agirrek oroitzapenezko pin bat eta orri-markagailu bat eman die goizeko talde bateko bisitariei.

  

Harekin batera, Caja Vital Kutxako idazkaria den Jose Ignacio Besga egon da. Horrela, erakundeari eskertu nahi izan zaio bisita-programen finantziazioaren bitartez proiektuan erakutsi duen inplikazio handiagatik. Hasiera beretik izan duen presentziak 3,3 milioi euro ekarri ditu helburu horretarako.
 
Horretaz gain, gaurko egunean bisita guztiak doan izango dira, eta beren datuak uzten dituztenen artean, tenpluaren Fundatzaileen Zirkuluko urtebeterako bost txartel zozkatuko dira.

 
Ikuspegi desberdin bat
 

Arabako Foru Aldundiaren ekimenez, ´Elizgizon, soldadu eta merkatarien artean´ erakusketarekin batera, ´Obretan eta Irekita´programa jarri zen martxan 1999. urtean, eta berrikuntza bat izan zen monumentuak bisitatzeko moduari dagokionez. Lehen aldiz aukera eman zen obretan zegoen eraikin batean sartzeko, lanen egoera 'in situ' egiaztatu ahal izateko, eta bestela ezagutu ezingo liratekeen monumentuaren zati batzuk ezagutzeko. Martxan jarri zenetik, tenpluaren ikuspegi ugari eskaini dira. Horrela, faseetan zehar, arkeologia-indusketak zuzenean ikusi ahal izan dira, hiriaren iraganari buruz emaitza harrigarriak argira ekarriz; operazio oso delikatuak egin dira, hala nola erdiko nabearen pilareak sendotzea, edo Santa Mariaren ataria zaharberritzea. Horretaz gain, sekulako aurrerapenak egin dira irisgarritasunaren hobekuntzan. Izan ere, duela justu hamar egun, bi igogailu instalatu dira Santa Maria Kantoian, mugikortasun urritua dutenei tenplurako sarrera bermatuz.

 
Aldamioak, kaskoak eta langileak izan dira azken hamabi urte hauetan nazionalitate ugaritako bisitariak, unitate didaktikoetan parte hartu duten ikasleak, helduen taldeak, aktoreak, idazleak, pintoreak, arkitektoak, eta abar bildu dituen paisaiaren osagai. Azken batean, baldintza eta jatorri guztietako hiritarrek lagundu dute Santa Maria Katedrala erreferente bihurtzeko lanean.

 
Milioi bat bisitari horien artean Arabako herritarren presentzia nabarmentzen da. Katedrala bisitatu dutenen artean hirutik bat lurraldean bizi zen. % 20 inguru Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako lekuetakoak ziren, gutxi gorabehera % 40 beste autonomia-erkidegoetakoak, eta ia % 10 atzerritarrak. Azken hamaika urte hauetan, ia ehun herrialde desberdinetako bisitariak jaso dira. Bitxikeria moduan, aipagarria da honako herrialde hauetako pertsonak etorri zirela: Bahamak, Birmania, Burkina Faso, Zambia, Maurizio, Pakistan, Etiopia, Siria, Angola edo Zeelanda Berria.
 
Horiek guztiek hasiera beretik proiektuaren barruan izan diren gida eta zaindarien talde paregabearen (emakumeak nagusitzen dira talde horretan) ´zaintza´izan dute denbora horretan guztian.
 
´Obretan eta Irekita´, lema bat izateaz gain, hiritarrek pixkanaka ezagutzea nahi izan den proiektuaren asmoen adierazpen argi bat da. Eta lan-filosofia hori, hurbilekoen artean eragina izateaz gain, hiru kontinenteetara eta era askotako proiektutara esportatu da.