Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

27/07/2011

Kontzertu berriak abuztuan zehar

2011/07/27 Elizpean eta barrualdean izango dira.

Vitoria- Gasteiz, 2011ko abuztuaren 2an.- Abuztuan zehar Santa Maria Katedralak kontzertuak eskeiniko ditu bere programazio musikala jarraituz.  Andre Mari Zuriaren jaietan zehar, Gasteizko Udalak antolatutako bi kontzertu izango dira elizpean. Larunbatean, hilaren 6an, Trio Assai taldearen txanda izango da, Jose Ramon Garcia (bandurria), Jaime del Amo (laute tenorra) eta Javier Garcia (gitarra) musikariek osatutako taldearena. 1997an sortu zen eta musika klasikoaren alorrean, plektro espainiarreko instrumentuen tinbre-gaitasunak, adierazpen-gaitasunak eta gaitasun teknikoak jendaurrean zabaltzen eta erakusten aritzen dira. Zinema klasikoko abestietan oinarritutako programa joko dute.

Abuztuaren 7an, Alberto Canet-Muga Gasteizko tenorra izango dugu Josep Buforn piano-jolea lagun duela. 'Passione' izeneko Italiako eta Napoliko kantagintza lirikoko kontzertua eskainiko dute. Besteak beste, 'Core 'ngrato', 'Musica proibita' edo 'Mattinata' gisako abesti ezagunak interpretatuko dituzte.

Bi kontzertuak katedralaren elizpean ospatuko dira eguerdiko 12:30etan eta sarrera doakoa izango da lekua bete arte.

Dagoeneko abian diren ekimenez gain eta Vitoria-Gasteizko Nazioarteko Musika Jaialdi/Ikastaroaren barruan, Badke Quartet taldearen kontzertua gehitu behar da, Erresuma Batuko soka-laukote onenetakoa. Kontzertua Katedralaren nabean izango da ostiralean, abuztuaren 19an, iluntzeko 20:00etan. 2002an sortu zenetik, taldea txalotua izan da egindako interpretazio zirraragarri eta energetikoengatik. Munduko zenbait soka-laukote ezagunekin aritu da eta lau kideak Londresko Royal Academy of Music eta Royal College of Music eskoletan graduatu dira. Halaber, publiko berria sortzeko eta ganberako musika eskura errazagoa egiten heziketa-lan handia burutzen dute. Horretarako, kontzertuak ematen dituzte Erresuma Batuko eskoletan barrena. Badke Quartet taldeak Royal Academy of Music eskolako bildumatik utzitako instrumentuak jotzen ditu, besteak beste, bi Gagliano biolin eta Segelman Stradivarius biolontxelo bat.
Kontzertura joateko sarrerak katedralaren dendan (Eskola,11) eskura daitezke abuztuaren 8tik aurrera, 3 €-ko prezioan Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzako eta 5 €-ko prezioan bazkide ez direnentzako.

Eta hilabetea amaitzeko, hilaren 27an, Maddi Arana eta Haize Lizarazu bikoteak osatutako biolin eta piano duoa izango dugu. Arana 1990an jaio zen Vitoria-Gasteizen eta 5 urte zituela hasi zen biolina jotzen. Hiriko Jesus Guridi Kontserbatorioan ikasi ostean, Berlinen jarraitu zuen bere heziketa eta, aurtengo otsailean, biolineko nota gorena lortu zuen. Gaur egun, Musikenen, Euskadiko Goi Mailako Musika Ikastegian, darrai ikasten. Bestalde, Haize Lizarazu piano-jole donostiarra, 8 urterekin hasi zen jotzen. Arabako hiriburuan eta Bartzelona hezi da eta, batez ere, kamerako musikan eta musika garaikidearen zabalkuntzan jarduten du.

Errezitaldia, arratsaldeko 8etan hasiko da nabean eta Franck-en, Messiaen-en eta Ravel-en piezak dituen programa joko dute. Sarrerak Katedralaren dendan (Eskola, 11) eskura daitezke uztailaren 26tik, asteartetik, aurrera eta 3 euroko prezioa izango dute Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzako eta 5 eurokoa bazkide ez direnentzako.