Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 8a.- Bosgarren urtez jarraian, Santa Maria Katedrala eta Goiena Mendi Taldea Harriaren Bidean zehar egiteko ibilaldiak antolatu dituzte, Ajarte eta Arabako hiriburua lotzen duen ibilbidea. Gasteizko tenplua eraikitzeko erabilitako harriak Trebiñuko Konderriko herri horretako harrobikoak izatean datza berezitasuna. Oraingo honetan, ibilaldiak irailaren 17an eta 24an egingo dira.
 
Ajarte Trebiñu Konderriko Udaleko herri txiki bat da eta ia ez da inor bizi. Gasteizko mendietatik gertu dagoenez, duen ikuspegi bikainaz gainera, bertako harrobietakoak dira Gasteizko elizetan eta Santa Maria Katedralean dauden harri asko. Hori dela eta, duela lau urtetik hona, Santa Maria Katedrala Fundazioak bi tokien arteko ibilbide bat jarri zuen martxan, katedralaren interes historiko eta artistikoa hurbileko paisaiako elementuekin, inguruko geografiarekin eta, modu berezian, historian zehar harriak Gasteizko muinora eramateko erabili izan diren bide historikoekin lotzea ahalbidetzen duena.
 
Oraingo honetan, ibilaldiak irailaren 17an eta 24an, larunbata, egingo dira. Egun bakoitzean autobus batek Ajarteraino eramango ditu parte hartzaileak, eta bertatik 14 kilometroko ibilbidea hasiko dute; ibilbidean zehar, ingurune naturalaz gozatzeaz gain, zeharkatzen dituzten lekuei buruzko azalpenak izango dituzte.
 
Ibilbidea Ajarten hasiko da, partaideek garai bateko harrobiek monumentuak zaharberritzeko mehatze-baliabide gisa zer-nolako berezitasunak dituen ezagutuko dute bertan. Ajarteko muinotik eta Gasteizko mendietatik pasatzean, garai bateko harrobien zuloak ikusiko dira. Gaur egun, arkeologia- eta historia-ondare direnak. Ingurunea duen balio naturalagatik nabarmentzen da. Iparraldean, pagadi itzaltsuak daude eta, hegoaldean, berriz, ameztiak, erkameztiak eta artadiak.
 
Amaieratik gertu, Mendiolan, bertako biztanleek ahalegin guztia egiten dute partaideei harrera egiteko. Askok, gainera, ibilaldiarekin bat egin eta taldeari konpainia egiten diote Gasteizeraino. Olarizu inguruan, Olarizuko etxaldetik pasatzen dira, probintzia guztian abelbide batekin lotutako puntutik. Gaur egun, gainera, aisialdi-eremu bikaina bihurtu da.
 
Ibilbidea Gasteizko Santa Maria Katedralean amaituko da. Gainera, ibilbide osoan parte hartzen dutenek doan bisitatu ahal izango dute Gasteizko tenplua.
 
Jardueran parte hartu nahi dutenek lekua erreserbatu behar dute Katedralaren dendan (Eskola, 11) edo 945 25 92 11 telefonoan. Irteera bakoitzak 7 €-ko kostu gehigarria izango du, Katedralaren Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzako izan ezik. Eurek 3 € ordainduko dituzte. Egun bakoitzerako 45 plaza libre egongo dira. Arabako Foru Aldundiaren lankidetza izan da ibilaldiaren martxa antolatzerakoan.
 
Halaber, eta asteburu osoan zehar hirigune historikoan egongo den Erdi Aroko merkatuarekin bat eginez, irailaren 24an, larunbata, Ajartetik harriak ekartzen ziren jatorrizko modua ekarriko da gogora. Horretarako, bi idik tiratutako gurdi bat Mendiola eta Aihotz Plazaren arteko ibilbidean zehar joango da, eguerdiko 12:00etatik aurrera, harrizko zenbait bloke eramanez. Oso erakustaldi erakargarria izango da egun horretan Erdi Aroko almendra bisitatzen duten milaka pertsonentzat.
 
Bestalde, joan aurretik ibilbidea prestatu nahi duenak Luis Miguel Martinez Torres geologoaren ´Harriaren Bidea´ liburua aurkituko du dendan. Liburuan, urteetan zehar ikertu duen Erdi Aroko bidea deskribatzen da. EHUk editatutako argitalpena oinez egiteko pentsatutako ibilbide baten gida da. 36 geldialditan, bidearen historia, natura eta monumentuak zehazten dira.