Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

20/09/2011

Accademia del Piacere taldearen emanaldiarekin amaituko du kontzertu-denboraldia Santa Maria Katedrala Fundazioak

2011/09/20 Espainiako antzinako musikako belaunaldi berrien erreferentziazko taldea da.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko irailaren 20an.- Santa Maria Katedrala Fundazioak datorren larunbatean itxiko du kontzertuen denboraldia tenpluan. Itxieran, Espainiako antzinako musikako belaunaldi berriko erreferentziazko talde baten errezitaldia izango da. Accademia del Piacerek, ahotsezko eta instrumentuzko taldeak, Eguzki Erregearen gorteko musika frantses arrandiatsua duen programa erakargarria aurkeztuko dute. Iluntzeko 20:00etan hasiko da.
 
´Kontzertuak eta irekita´ programak oihala jaitsiko du datorren udaberrira arte. Hori baino lehen, proposamen interesgarri eta berritzaile bat izango da eta oso ohikoak ez diren bi instrumentuz gozatuko ahal izango da: tiorbaz eta zango-biolaz. Accademia del Piacere taldeak, hasiera-hasieratik, Errenazimenduko eta Barrokoko musika interpretatzen jardun du. Ahotsezko eta instrumentuzko taldeak programa sorta zabala eskaintzen du: Eguzki Erregearen gorteko musika frantses oparoa eta arrandiatsua; XVII. mende hasierako Italiako musika birtuosoa edo Errenazimendu eta Barroko garaiko Espainiako eta Andaluziako musika profanoa eta erlijiosoa. Fahmi Alqhaik (zango-biola eta zuzendaritza), Rami Alqhaik (zango-biola) eta Enrique Solinísek (tiorba) osatzen dute taldea.

 Katedralean emango duten emanaldian, ´Aingeruak eta deabruak´ programa aurkeztuko dute. Luis XIV.aren gorteko musika frantsesa, Eguzki Errege gisa ezagutzen zenaren gortekoa, joko dute. Batez ere, garai hartako zango-biola jotzaile handiak izan ziren Marin Marias eta Antoine Forqueray-k idatzitako piezak.
 
1661ean, Luis XIVk boterea hartu zuenean, ez zituen bere haurtzaroa zapuztu zioten Fronda-n gertutakoak ahaztu. Hori dela eta, ordenarekin obsesionatuta zegoen eta, guztiaren gainetik, erreinuko aristokrazia oldartsua kontrolatu nahi zuen. Bere maiestatearen duintasuna ingurune irmo batean babesteko eta boteretsu guztiak bere menpe izateko, gortea Paristik Versaillesera eramatea erabaki zuen. Bisitariak harritu nahi zituenez, erregeak ez zion diruari begiratu Frantziako intelektual ospetsuenak eta artista onenak bere egoitza berrira erakartzeko.
 
Luxuzko ingurune hartan, bi zango-biola jotzaile handienak bat egin zuten: Marin Maraisek eta Antoine de Forqueray-k. Ez ziren ezertan ados jartzen. Lehena, gizarte-eskalan igo eta bere artearen testigantza utzi nahi zuen artisaua zen. Horren berri ematen dute 1686tik eta 1725era arte editatutako bost biola-liburuk. Bigarrena, ordea, inprobisazioaren iraultzaile arrandiatsua zen eta inoiz nota bat ere ez idazteaz harrotzen zen. Maraisek espiritu klasikoa adoretzen zuen; Forqueray-k, berriz, gehiegikeriarena.

Bietako inork ezin izan zuen, halere, 1740an dagoeneko hain nabaria zen biolaren gainbehera saihestu. Urte hartan, Hubert le Blanc-ek instrumentua defendatzeko itun famatua argitaratu zuen eta bertan gogora ekartzen zituen Pariseko artista-taldeetan tramankulu piloa zeuden eta aurrez aurre zeuden bi prodijiori buruzko albisteak barra-barra aipatzen ziren urte loriatsuak. Bi prodijioak Marais gozoa, "aingeruek bezala jotzen zuena" eta Forqueray amorratua, "guztia deabruak bezala egiten zuena", ziren. Hirurehun urte geroago, dueluak berdin jarraitzen du...
 
Errezitaldia erdiko nabean egingo da eta arratsaldeko 20:00etan hasiko da eta sarrerak dagoeneko salgai daude Katedralaren dendan (Eskola, 11). Fundatzaileen Zirkuluko bazkideenak 3 euroko prezio du eta bazkide ez direnenak, ostera, 5 eurokoa.
 
Hauxe izango da, berriro ere, udaberriak aurrera egindakoan berreskuratuko den zikloaren azken kontzertua. Izan ere, eguraldi txarrak, neguan zehar, tenpluaren barruan ekintza luzeak ez garatzera derrigortzen du. Halaber, Santa Maria Katedrala Fundazioak bere esker ona adierazi nahi die musikari eta ikusleei, ekimena martxan jarri zenetik izan duten konpromisoagatik eta parte hartzeagatik. Baita erakunde publiko eta pribatuei ere, beren babesik gabe ezinezkoa izango bailitzake proiektu hau gauzatzea.